Aizarnazabalen Aintzane Pujana donostiarra legez kanpo atxiki, sexualki esplotatu eta 2021eko urtarrilaren 1ean hiltzeagatik kondenatutako gizonak aurkeztutako kasazio helegitea atzera bota du Espainiako Auzitegi Gorenak, eta beraz, haren kontra ezarritako espetxealdi iraunkor berrikusgarria berretsi du. Horrekin, Espainiako Estatuan egin zezakeen bide judiziala akitu du defentsak.
Herri epaimahaiak, Gipuzkoako Auzitegian akusatua epaitzeko ardura duenak, erruduntzat jo zuen gizona hilketa delitua egiteagatik, eta espetxealdi iraunkor berrikusgarriarekin zigortu zuen 2024ko azaroan. Zigor hori eman zen lehen aldia izan zen Gipuzkoan.
Kondenatuaren defentsak zigorraren kontrako helegitea aurkeztu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, baina hasierako kondena berretsi zuen epaitegi horrek iazko maiatzean, eta emaitza berbera izan du Gorenean egin duen bigarren saiakerak. Auzitegi Goreneko Zigor arloko Salarentzat, defentsak gertatutakoaren interpretazio alternatiboa egiteko erabili zituen argudioak ez ziren nahikoa izan, eta azpimarratu du herri epaimahaiak nahiz EAEko Auzitegi Nagusiak modu zabalean ebaluatu zituztela kondena sostengatu zuten frogak.
Hamar urteko espetxe zigorra
Gizonaz gain, emakume bat ere kondenatu zuten kasu honengatik. Gipuzkoako Fiskaltzak zabaldu zuen tesiaren arabera, 2021eko urtarrilaren 1ean, bi auzipetuek Aintzane Pujana jipoitu zuten, eta segidan, bederatzi labankada eman zizkioten, biktimak Azpeitian prostituzio zerbitzu bat eskaintzeari uko egin eta gero. Hain justu, auzipetutako emakumeak Pujana labankadaz hil zuela aitortu zuen, baina auzitegiek ondorioztatu zuten, batetik, buru osasuneko arazoak dituela, eta bestetik, auzipetutako gizonak behartu zuela Pujana hiltzera. Hala ere, hamar urteko espetxe zigorra eta gehienez hogei urtez erregimen itxiko psikiatriko batean sartzea ebatzi zuten epaitegiek.