2021eko urtarrilaren 4an Aizarnazabalen indarkeria zantzuekin hilik agertu zen Aintzane Pujanaren hilketa argitzeko epaiketa iritsi da amaierara. Atzo eman zuen Juana Maria Unanue Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Hirugarren Sekzioko epaileak fiskalaren zigor eskaeren berri, eta orduz geroztik, herri epaimahaia hura eztabaidatzen ari da. Hain zuzen, sei emakumek eta bost gizonek osatu dute herri epaimahaia, eta beraz, epaimahai horrek datozen orduetan ezagutaraziko du ebazpena.
Gizon-emakume bana daude auzipetuta; 2021ean 24 urte zituen gizona da bat, eta orduan 23 urte zituen emakumea bestea. Jorge Bermudez fiskalak, Pujanaren hilketagatik, espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu du –Gipuzkoan halako espetxealdia eskatzen duten lehen aldia da– auzipetutako gizonarentzat, eta hura prostituziora bultzatzeagatik nahiz legez kanpo atxikita eduki izanagatik beste zortzi urte eta erdiko kartzela zigorra. Akusatutako emakumearentzat, berriz, espetxealdi mota hori kentzea eskatu du fiskalak, hark buruko nahasmendua duelako. Hori dela eta, hamar urteko espetxe zigorra eta hura gehienez hogei urtez erregimen itxiko psikiatriko batean sartzea eskatu du hilketa delituagatik.
Fiskaltzaren tesiaren arabera, bi auzipetuek Pujana jipoitu egin zuten aurrena, eta segidan, bederatzi labankada eman zizkioten, hildakoak Azpeitian prostituzio zerbitzu bat eskaintzeari uko egin eta gero. Hain justu, auzipetutako emakumearen defentsak Pujana labankadaz hil zuela aitortu zuen, baina buru osasuneko arazoak dituela eta, hura akusazioetatik salbuestea eskatu zuen. Haren arabera, Pujana hiltzera behartu zuen auzipetutako gizonak, hala egin ezean, bera hilko zuelako.
Bestalde, akusatutako gizonaren defentsak absoluzioa eskatu du harentzat. Izan ere, haren arabera, epaitzen ari diren gertakariak ez datoz bat gizonari egozten zaizkion delituekin. Izan ere, akusatuak ukatu egin du Pujanaren hilketan parte hartu izana, baita hura prostituziora behartu izana eta bere borondatearen aurka atxiki izana ere.
Atzo egin zuten epaiketaren azken saioa, eta auzipetutako gizonak azken hitza esateko eskubidea baliatu zuen tarte batez. Epaimahaiari "buruarekin pentsatzeko" eta "gertakariei logika aurkitzeko" eskatu zion. Akusatutako emakumeak, berriz, uko egin zion hitz egiteko aukerari, nahiz eta herenegun egindako saioan hura izan zen aukera hori izatea eskatu zuena.
Epaiketa irailaren 26an hasi zen. Epaimahaiaren osaketa eginda hasi zuten ia hilabeteko iraupena izan duen auzibidea, eta orduz geroztik, dozenaka pertsonaren adierazpenak hartu dituzte epaitegian, hala nola lekukoena eta perituena.