Gaur hasi da Aintzane Pujanaren hilketaren epaiketa

Iraia Oteiza 2024ko ira. 26a, 12:11

Pujanaren gorpua aurkitu zuten eremua, Aizarnazabalen.

Aizarnazabalen agertu zen Pujanaren gorpua 2021eko urtarrilean, indarkeria zantzuekin. Hilketa leporatuta kartzelan dauden bi pertsonak epaituko dituzte Donostiako Auzitegian.

2021eko urtarrilaren 4an Aizarnazabalen indarkeria zantzuekin hilik agertu zen Aintzane Pujana, eta hilketa argitzeko epaiketa gaur bertan hasi da Donostiako Auzitegian. Bederatzi titularrek eta bi ordezkok osatuko duten zinpeko epaimahaia aukeratuko dute epaiketaren aurreneko egunean.

Pujanaren hilketagatik emakume bat eta gizon bat atxilotu zituen Ertzaintzak, Pujanaren gorpua Urola ibaiaren ondoan agertu eta egun gutxira. Ordutik, kartzelan dira biak.

Fiskaltzak espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatzen du hilketagatik, bost urteko kartzela zigorra Pujana legez kanpo atxikitzeagatik, eta hiru urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra hura sexualki esplotatzeagatik. Horretaz gain, 5.400 euroko isun bana ere eskatu du bi akusatuentzat. Gipuzkoako Fiskaltzak espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatzen duen aurreneko aldia da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide