Baldintzarik gabeko espetxeratzea agindu du epaileak Aizarnazabalgo hilketarekin zerikusia dutelakoan joan den asteartean atxilotu zituzten bi lagunentzat. Asteartean atxilotu zituzten gizonezkoa eta emakumezkoa; ordutik Urola Kostako ertzainetxean izan dituzte, eta gaur goizetik egon dira deklaratzen Azpeitiko Epaitegietan. Baldintzarik gabeko espetxeratzea agindu berri du epaileak bientzat, eta Ertzaintzak orain arte sekretupean egon den ikerketaren xehetasunak eman ditu prentsa ohar batean.
Ertzaintzaren arabera, urtarrilaren 4an hilik aurkitu zuten Aintzane Pujana eta haren hilketa leporatu dieten bi lagunak –24 urteko gizona eta 23 urteko emakumea– Aizarnazabalgo landetxe bateko apartamentu batean ostatu hartuta zeuden; hilketagatik behin-behinean espetxeratu duten bikotea bertan bizi zen azken denboraldian –azaroaz geroztik, Josu Erkoreka Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak gaur esan duenez–.
Ertzainek uste dute hilketa "urtarrilaren 2ko goizaldeko lehen orduetan" gertatu zela, eta biktimaren gorpua hil berritan eraman zutela handik bi egunera langile batzuek aurkitu zuten tokira. Poliziek darabilten "hipotesi nagusia" da "eztabaida gogor" bat izan zutela atxilotutako bikoteak eta biktimak urtarrilaren 1eko 23:30ak aldean, eta eztabaida horren ondoren gertatu zela hilketa, landetxean bertan.
Ondoren, Ertzaintzaren hipotesien arabera, gorpua kotxe batean sartu eta Urola ibaiaren ondoan utzi zuen bikoteak, eta "Gipuzkoako kostaldeko hainbat tokitan" ibili ziren gero gizon-emakumeak, "hilketarekin lotuko lituzketen jantziak eta bestelako efektu pertsonalak" botatzeko helburuarekin. Hain zuzen ere, horretan ari zirela ertzain patruila batek identifikatu egin zituela dio Ertzaintzak bere oharrean, "Zumaia eta Getaria arteko paraje batean", eta horrek "hasierako asmoak bertan behera uztera" behartu bazituen ere, "ustezko hiltzaileak Gipuzkoa barnealdeko hainbat herritan" ibili ziren urtarrilaren 2ko goizean. Tolosan (Gipuzkoa), garbiketako hainbat produktu erosi zituzten supermerkatu batean, eta horiek erabili zituzten ibilgailua zein landetxeko apartamentua garbitzeko.
Ertzaintzak atxiloketaren uneko eta Tolosako supermerkatuko honako irudi hauek zabaldu ditu bere webgunean: