Espetxe iraunkor berrikusgarrira zigortu dute Aintzane Pujanaren hiltzaileetako bat

Nerea Uranga 2024ko aza. 25a, 10:21

Pujanaren gorpua aurkitu zuten eremua, Aizarnazabalen.

Emakume donostiarra zena legez kanpo atxiki, sexualki esplotatu eta hil izanagatik gizon eta emakume bat epaitu zituzten. Gizonari ezarri diote espetxealdi iraunkor berrikusgarria. Emakumea, berriz, gehienez hogei urte zentro psikiatriko batean egotera eta hamar urteko kartzelaldira zigortu du Gipuzkoako Auzitegiak.

Aintzane Pujana emakume donostiarra zena legez kanpo atxiki, sexualki esplotatu eta hil izanagatik akusatutakoak gizon eta emakume bat dira. Gaur goizean jakinarazi dutenez, espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezarri dio Gipuzkoako Auzitegiak gizonari. Pujana labanaz hil zuela aitortu zuen emakumea, berriz, gehienez hogei urtez zentro psikiatriko batean egotera zigortu dute eta hamar urteko espetxealdira ere zigortu dute. Ondokoak ezarri dizkiote emakume akusatuari: nahasmendu psikikoaren inguruabar salbuesle ez-osoa eta hilketa aitortu izanaren inguruabar aringarria.

Lehen aldia da Gipuzkoan espetxe iraunkor berrikusgarria ezartzen dutela.

Urriaren 22an bukatu zen Aintzane Pujanaren hilketarekin lotutako epaiketa; azken saio horretan espetxe zigorrak eskatu zituen Jorge Bermudez fiskalak bi auzipetuentzat, eta orain Gipuzkoako Auzitegiak emandakoarekin bat datoz zigor horiek. Izan ere, 2021ean 24 urte zituen gizonarentzat espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu zuen fiskalak, hilketagatik, eta zortzi urte eta erdiko kartzela zigorra Pujana prostituziora bultzatzeagatik nahiz hura legez kanpo atxikitzeagatik. Hilketa gauzatu zuenean 23 urte zituen emakumeari espetxealdi mota hori kentzea eskatu zuen fiskalak, hark buruko nahasmendua duela eta. Hala ere, hamar urteko espetxe zigorra eta hura gehienez hogei urtez erregimen itxiko psikiatriko batean sartzea eskatu zuen hilketa delituagatik.

Herri epaimahaiak urriaren 23an eman zuen epaiaren berri, eta epaimahai hori osatu zuten 11 gizon-emakumeek erruduntzat jo zituzten Pujana hiltzeagatik auzipetutako bi pertsonak. Aho batez hartu zuten erabakia. Epaimahai horrek frogatutzat jo zuen gertatutakoa, nahiz eta auzipetutako emakumeak hilketa aitortu izana aringarri gisa onartu zuen. Gainera, auzipetutako gizonak Pujana prostituziora bultzatu eta legez kanpo atxikita eduki zuela ebatzi zuen epaimahaiak.

2021ean agertu zen hilik Pujana Aizarnazabalen, eta hura hiltzea leporatuta, gizon-emakume bana epaitu zuten. Gipuzkoako Lurralde Auzitegian irailaren 27tik urriaren 22ra bitartean egin zuten epaiketa, eta hilabeteko epean, akusatuek nahiz hainbat lekukok deklaratu zuten epailearen aurrean. Urriaren 22an jakinarazi zituen fiskalak zigor eskaerak, eta herri epaimahaia 24 orduz aritu zen Pujanaren hilketaren gaineko epaia eztabaidatzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide