Herri epaimahaiak erruduntzat jo ditu Aintzane Pujana hiltzeagatik auzipetutako bi pertsonak

Julene Frantzesena 2024ko urr. 23a, 20:33

Ertzaintza Pujanaren gorpua aurkitu zutenean. (Ertzaintza)

Epaimahai horrek frogatutzat jo du gertatutakoa, nahiz eta auzipetutako emakumeak hilketa aitortu izana aringarri gisa onartu duen. Gainera, auzipetutako gizonak Pujana prostituziora bultzatu eta legez kanpo atxikita eduki zuela ebatzi du epaimahaiak aho batez.

Herri epaimahaiak oraintsu eman du epaiaren berri: epaimahai hori osatu duten 11 gizon-emakumeek erruduntzat jo dituzte Aintzane Pujana hiltzeagatik auzipetutako bi pertsonak. Aho batez hartu dute erabakia. Epaimahai horrek frogatutzat jo du gertatutakoa, nahiz eta auzipetutako emakumeak hilketa aitortu izana aringarri gisa onartu duen. Gainera, auzipetutako gizonak Pujana prostituziora bultzatu eta legez kanpo atxikita eduki zuela ebatzi du epaimahaiak.

Atzo bukatu zen epaiketa; azken saio horretan espetxe zigorrak eskatu zituen Jorge Bermudez fiskalak bi auzipetuentzat. 2021ean 24 urte zituen gizonarentzat espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu zuen, hilketagatik, eta zortzi urte eta erdiko kartzela zigorra Pujana prostituziora bultzatzeagatik nahiz hura legez kanpo atxikitzeagatik. Hilketa gauzatu zuenean 23 urte zituen emakumeari espetxealdi mota hori kentzea eskatu zuen fiskalak, hark buruko nahasmendua duela eta. Hala ere, hamar urteko espetxe zigorra eta hura gehienez hogei urtez erregimen itxiko psikiatriko batean sartzea eskatu zuen hilketa delituagatik.

2021ean agertu zen hilik Pujana Aizarnazabalen, eta hura hiltzea leporatuta, gizon-emakume bana epaitu dute. Gipuzkoako Lurralde Auzitegian joan zen irailaren 27az geroztik egin dute epaiketa, eta hilabeteko epean, akusatuek nahiz hainbat lekukok deklaratu dute epailearen aurrean. Atzo jakinarazi zituen fiskalak zigor eskaerak, eta herri epaimahaia atzo eguerditik aritu da Pujanaren hilketaren gaineko epaia eztabaidatzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide