Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ezetsi egin du Aintzane Pujana hiltzeagatik akusatutako gizonaren defentsak aurkeztutako helegitea eta, beraz, 2024ko azaroan Gipuzkoako Auzitegiak ezarri zion zigorra berretsi du: espetxealdi iraunkor berrikusgarria.
Aintzane Pujana labanaz hil zuela aitortu zuen gizon honek, eta emakume donostiarra zena legez kanpo atxiki, sexualki esplotatu eta hil izanagatik zigortu dute auzitegiek. Lehen aldia da Gipuzkoan espetxe iraunkor berrikusgarria ezartzen dutela.
Iazko urriaren 22an bukatu zen Pujanaren hilketarekin lotutako epaiketa; azken saio horretan espetxe zigorrak eskatu zituen Jorge Bermudez fiskalak bi auzipetuentzat, eta orain EAEko Auzitegi Nagusiak berretsitakoekin bat datoz zigor horiek. Izan ere, 2021ean 24 urte zituen gizonarentzat espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu zuen fiskalak, hilketagatik, eta zortzi urte eta erdiko kartzela zigorra Pujana prostituziora bultzatzeagatik nahiz hura legez kanpo atxikitzeagatik
Harekin batera Pujana hiltzeaz akusatutako emakumeari, berriz, nahasmendu psikikoaren inguruabar salbuesle ez-osoa eta hilketa aitortu izanaren inguruabar aringarria egotzi zioten. Hark ere 10 urteko espetxe zigorra beteko du eta hogei urte igaroko ditu erregimen itxiko zentro psikiatriko batean.