Aizarnazabalgo sanmigelak 2025

Pello Segurolak irabazi du Aizarnazabalgo Artzain Txakur Txapelketa

Andoni Elduaien 2025ko ira. 27a, 15:21

San Migel jaietan murgilduta daude Aizarnazabalen, eta kirol saioak izan dituzte goizean. Matxinbentara joan da artzain txakurren lehiako txapela, eta Joxe Larrarte Memorialean txukun aritu dira pilotariak. Arratsaldean jarraituko du festak.

Atzo txupinazoa botata, gaur, larunbatez, San Migel festetan murgilduta jarraitzen dute Aizarnazabalen. Goizean, kirolari lotutako saioak izan dira herrian. 11:30ean hasita, XVI. Artzain Txakur Txapelketa jokatu dute, Artxate kooperatibak antolatuta, eta gaurkoan, Matxinbentara joan da txapela: izan ere, Pello Segurola nagusitu da, Yak txakurrarekin 298 puntu poltsikoratuta. Gorriti eta Izar txakurra sailkatu dira bigarren –278 puntu–, Javi eta Fold izan dira hirugarren –264 puntu–, Medikue eta Bat laugarren –248 puntu–, Xabi eta Flay bosgarren –232 puntu– eta Igor eta Tobi seigarren –137 puntu–.

Horren ostean, esku pilotako XV. Joxe Larrarte Memoriala jokatu dute frontoian. Emakumeetan, Aranburu eta Naroa Agirre Aldaregiaren eta Maite RL Mugikaren aurka aritu dira, eta lehen bikotea gailendu da, 22 eta 12. Gizonetan, berriz, Aritz Olaizolak eta Leonetek Xabat Sasiain eta Garmendia izan dituzte parez pare; Sasian eta Garmendiarentzat izan da garaipena, 22 eta 15 nagusitu baitira.

Arratsaldean jarraituko du festak. Hona hemen egitaraua:

  • 16:30. Herrialde desberdinetako postre lehiaketa. Antolatzailea: Gure Plaza Txo!
  • 17:00. XIX. Mus eta Eskoba Txapelketa.
  • 18:00. Kale antzerkia: Eutsi Ramon (Trapu Zaharra).
  • 19:30. Kitadelpare txaranga.
  • 20:00. Bokadilloak, txosnan. 
  • 23:00. Kontzertuak: KAKK, Merina Gris eta Hidalgo DJa. Gaztetxean: Kanpax, Indate eta Tximas.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide