Krosa, bertsoak, erremontea... Ekintzaz beteta datoz Aizarnazabalgo Samiel Txikiak

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 2a, 10:30

2022ko Samiel Txiki Eguna.

Datorren ostegunean eta ostiralean ospatuko dituzte Aizarnazabalen Samiel Txikiko festak. Kirolak protagonismo berezia izango du bi egunetan, ostegunean krosarekin eta ostiralean erremontearekin.

Aizarnazabalen prest daude datorren ostegun eta ostiralean Samiel Txikiko festei gogoz heltzeko. Ostegunean, San Miel Txiki Egunean, umeek krosa egingo dute 17:00etan eta, atzetik, txokolatadarekin berreskuratuko dituzte indarrak. Horrez gainera, 18:00etan, Aizarnazabalgo gaztetxoek aretoko futboleko partida jokatuko dute Errezilgoen kontra. Eta 18:30etik aurrera, aldiz, musikak hartuko du herria, JM Mendizabalek eskainiko duen dantzaldiarekin.

Ostiralean ere protagonismo berezia hartuko du kirolak. 18:00etatik aurrera, erremonte partidak jokatuko dira Atari Soro frontoian. Goikoetxea V.ak eta Eskuderok Aiestaran VII.a eta Apezetxea izango dituzte aurkari; Gurrutxagak eta Azpirozek, berriz, Segurolak eta Juanenek osatuko duten bikotearen kontra jokatuko dute.

21:00etan, halaber, bertso-afaria egingo dute Mikel Elkartean. Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran arituko dira kantuan.

Ostiralarekin, baina, ez da festa bukatuko Aizarnazabalen, Gazte Eguna ospatuko baitute larunbatean. Besteak beste, zoro-jolasak, bazkaria, bingo musikatua eta kontzertuak antolatu dituzte.

Bestalde, aurtengoan, Alaitsuren dantza saioa ez dute San Miel Txikiko festetan egingo, maiatzaren 16an, baizik, Euskaraldiaren baitan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide