Maiatzaren 10ean ospatuko dute Aizarnazabalgo Gazte Eguna

Maialen Etxaniz 2025ko api. 30a, 16:15

Adiskide Gaztetxeko kideek hilaren 10ean ospatuko dute urtero antolatzen duten Gazte Eguna. Goizetik gauera bitarteko egitaraua antolatu dute, eta, besteak beste, zoro-jolasak, bazkaria, bingo musikatua eta kontzertuak antolatu dituzte. 

Aizarnazabalgo Adiskide gaztetxeak prest du aurtengo Gazte Egunerako egitaraua. Aurten, maiatzaren 10ean, larunbatez, ospatuko dute gaztetxeko kideek mimoz prestatu ohi duten eguna, eta dagoeneko jakinarazi dituzte aurreneko xehetasunak. Far Aizarnazabal West leloarekin dator festa, eta wester generora jo dute karteleko iruditegia osatzerako. 

Ohi bezala, goizetik gauera arteko ekintzak prestatu dituzte, batez ere, gazteei zuzenduta. Eguerdian txupinazoa bota ostean, 12:15ean zoro-jolasak egingo dituzte. Ondoren, trikitilariek girotuko dute poteoa, eta 14:30ean bazkaria egingo dute. Arratsaldean, taldekako eta banakako jolasak egingo dituzte, iaz egin gisan, Zooplost izenburupean. Gero, bingo musikatua izango da, eta jarraian Elektrotxuflaren emanaldia. Musikaz borobilduko du eguna, kontzertuekin. 

Dagoeneko salgai jarri dituzte bazkaritarako txartelak, Uztarrin, 15 euroan.

Hona hemen egitaraua osorik: 

  • 12:00. Txupinazoa
  • 12:15. Zoro jolasak
  • 13:30. Trikitilariak
  • 14:30. Bazkaria
  • 16:00. Zooplost.
  • 16:30. Musika Bingoa. 
  • 18:00. Elektrotxufla.
  • 20:00. Euzkolabel. 
  • 22:30. Ostarte.
  • 00:00. Maikiño, Indate, Patx eta Natx. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide