Irailaren bukaeran hasiko da Aintzane Pujanaren hilketaren epaiketa

Nerea Uranga 2024ko ira. 12a, 17:13

Pujanaren gorpua aurkitu zuten eremua, Aizarnazabalen.

Aizarnazabalen agertu zen Pujanaren gorpua 2021eko urtarrilean, indarkeria zantzuekin. Hilketa leporatuta kartzelan dauden bi pertsonak epaituko dituzte Donostiako Auzitegian.

2021eko urtarrilaren 4an Aizarnazabalen indarkeria zantzuekin hilik agertu zen Aintzane Pujana, eta hilketa argitzeko epaiketa hil honen bukaeran hasiko da Donostiako Auzitegian. Pujanaren hilketagatik emakume bat eta gizon bat atxilotu zituen Ertzaintzak, Pujanaren gorpua Urola ibaiaren ondoan agertu eta egun gutxira. Ordutik, kartzelan dira biak.

Bi atxilotuen kartzelaldi iraunkor berraztergarria ezartzea eskatu zuen Gipuzkoako Fiskaltzak. Epaiketa irailaren hondarretan hasiko dute Donostiako Auzitegian. Epaiketaren aurreneko egunean zinpeko epaimahaia aukeratuko dute.

Fiskaltzak hiru delitu leporatu dizkie bi atxilotuei, EFE berri agentziak jakinarazi duenez: hilketa larrigarria, legez kanpoko atxilotzea eta beldurrarazita pertsona prostituziora bideratzea. Fiskaltzaren txostenaren arabera, Pujana prostituzioan aritzen zen eta ustez esplotatu egiten zuen proxeneta rola zuen gizonezko akusatuak.

Hilketagatik eskatu du, hain zuzen ere, Fiskaltzak kartzelaldi iraunkor berrikusgarria ustezko bi hiltzaileentzat, eta beste bi delituengatik zortzi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du, baita 5.400 euroko isun bana ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide