Autoak bedeinkatuta, festetan murgilduta jarraitzen dute Aizarnazabalen

Urtzi Oteiza - Ane Olaizola 2024ko uzt. 7a, 17:38

San Kristobal gidarien zaindaria izanik, orain arte zaindariaren egunean egiten zuten autoen bedeinkazioa izan dute gaur eguerdian auzoan, elizkizunaren barruan. 

Aizarnazabalgo Saiatz auzoan sankristobaletan murgilduta daude atzoz geroztik, eta gaur askotariko ospakizunak izan dituzte goizaz geroztik. Esaterako, meza egin dute eguerdian, eta San Kristobal gidarien zaindaria izanik, autoak bedeinkatu dituzte elizkizunaren barruan. Ohi bezala, hainbat lagun elkartu ditu orain arte San Kristobal egunez –uztailak 10– egiten zuten autoen bedeinkapenak. 

Atzo iluntzean hasi zituzten festak Saiatzen, txupinazoarekin, eta segidan, herri afaria egin zuten auzotarrek Euskal Parrillaren eskutik. Afalostean, Izer eta Alabier trikitilariekin erromeriaz gozatu ahal izan zuten. Datozen egunetan ere izango da zertaz gozaturik auzoan; gaur arratsaldean, esaterako, herri kirol jaialdia egingo dute, eta ondoren, berriz erromeria hotsek hartuko dute auzoa, gauera bitartean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide