Zumaiako Udalak 21,1 milioi euroko aurrekontuak onartu ditu 2027rako

Erredakzioa

Zumaiako udalbatzako kideak, udaletxeko pleno aretoan. (Intza Trula)

Udalak 3 milioi eurotik gora bideratuko ditu inbertsioetara, hau da, aurrekontu osoaren %15. Komentuko kantina eta aterpertxea egiteko diru partiden batura izango da handiena, eta hain zuzen, horri lotutakoa izan zen oposizioak aurrekontuei egin zien kritika nagusia.

Atzo Zumaiako udaletxean egindako osoko bilkuran, EH Bilduren udal gobernuak 2027rako proposatutako aurrekontuak behin betiko onartu zituen udalbatzak, PSE-EEren babesarekin. Datorren urterako kontuek 21.135.263 euroko zenbatekoa izango dute guztira, 2026koek baino %0,37 handiagoa. Inbertsioen atalean, diru kopuru handiena Komentuko eremura bideratuko dute, 700.000 euro guztira.

Aurrekontuaren banaketa nagusiari dagokionez, 17.841.719 euroko gastu arruntak aurreikusi dituzte, eta 2.120.326 euroko aurrezki garbia. Bestalde, udalak 3.232.111 euro bideratuko ditu inbertsioetara, hau da, aurrekontu osoaren %15. Urte amaierako zorraren aurreikuspena 554.933 eurokoa da, zorpetze maila %2,9an mantenduz. Halaber, langile publikoen gastuak %8,57 handituko dira, soldaten %5eko igoeragatik eta lorezaintza-zerbitzua udalaren gain hartzeko lau lanpostu berri sortzeagatik.

Inbertsioei dagokienez, Komentuko kantina eta aterpetxea egitera bideratuko dute diru partidarik altuena; 400.000 eta 300.000 euro, hurrenez-hurren. 50 esku-hartze baino gehiago egitea aurreikusten ditu aurrekontuak, baina Komentuko inbertsioaz gain, honakoak dira nabarmenenak: 481.000 euro bideratuko dituzte Marianton eremua eraberritzera, 430.000 haur parkeak berritzera, 247.000 Korta inguruko ur-hornidura azpiegitura garatzera eta 247.000 euro skate parkea berritzea.

Era berean, aurrerantzean udalak zuzenean kudeatuko duen lorezaintza-zerbitzurako kamioia nahiz makineria erosteko 205.000 euro erabiliko dituzte. 140.000 euro bide publikoak hobetzera bideratuko dituzte, eta beste horrenbeste hirigintza azterlanak egitera.

Gizarte gaiei eta herriko eragileei bideratutako dirulaguntzak, berriz, honakoak izango dira: nazioarteko lankidetza (148.475 euro), euskara (129.192 euro), gizarte-larrialdiak (110.000 euro), federatuentzako kirol dirulaguntzak (110.000 euro), Emakumeon Etxea (105.000 euro), kirol jarduerak (65.000) eta merkataritza (83.000 euro), besteak beste. Halaber, 50.000 euro bideratuko ditu alokairuak sustatzera.

EH Bilduko ordezkariek nabarmendu zutenez, "Zumaia berdinzaleagoa, bizigarriagoa eta euskaldunagoa izateko bidean jarraitzen dute" atzo onartutako aurrekontuek.

PSEren babes kritikoa eta EAJren altenatiba

PSE-EEren babesa jaso zuten EH Bilduk aurkeztutako aurrekontuek, eta trukean, talde sozialistak proposatutako bi azterlan txertatu zituzten 2027eko kontuetan: Hogarraren eraikinaren beharrak zein klimatizazio-premiak aztertzea eta udalerrian justizia bulego bat izateko espazio berri bat bilatzea.

Alta, bere alderdiaren babesa "kritikoa" dela zehaztu zuen Duñike Agirrezabalaga zinegotziak. Zalantza agertu zuen Komentuko aterpetxean inbertitzearen inguruan, herrian ostatu turistikoa sustatzea udal-lehentasuna ote den galdetuta.

Bestetik, EAJk aurrekontu proposamen alternatiboa defendatu zuen, baina udal gobernuak baztertu egin zuen. Jeltzaleen ustez, Komentuan dagoeneko zazpi milioi euro baino gehiago inbertitu ondoren, ez da egokia eremu horretara beste 700.000 euro bideratzea, are gutxiago kantina eta aterpetxea sortzeko. "Gure ustez, Komentuan kantina bat eta aterpetxe bat egitea ez da une honetan udalaren lehentasuna. Gainera, aterpetxeak, hasierako inbertsioaz gain, etorkizunean udalak bere gain hartu beharreko kudeaketa-, mantentze- eta finantzaketa-beharrak ere ekarriko lituzke. Ez dugu zalantzan jartzen turismoak Zumaiarentzat duen garrantzia, baina uste dugu udal inbertsioak urte osoan Zumaian bizi garenon beharrei eman behar diela lehentasuna", adierazi zuen Iker Mardaras zinegotzi jeltzaleak. Arrazoi horiengatik, 2027ko aurrekontu proposamenaren kontrako botoa eman zuten EAJko sei ordezkariek.

Horren ordez, zenbateko berbera "herritarren eguneroko beharretara" bideratzea proposatu zuen EAJk: Hogarra hobetzeko eta babesleku klimatiko gisa egokitzeko (300.000 euro), Amaiako plazako haur-parkean gune estalia egiteko (150.000 euro), bizikletentzako aparkalekuak jartzeko (145.000 euro) eta komun publikoak hobetzeko (100.000 euro).

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide