Trafikoaren Antolamendurako Ordenantza (TAO) sinplifikatzeko, herriguneko autoen pilaketak saihesteko eta zumaiarrei herriguneko zirkulazioa nahiz aparkatzeko aukera errazteko helburuz, hainbat aldaketa onartu dituzte udal hautetsiek gaur, osteguna, egin duten urriko ohiko udalbatzarrean. TAO sistemaren epealdiak hirutik bira murriztea erabaki dute.
Udako epealdian, ekainetik irailera bitartean, TAO sistema egunero egongo da martxan, orain arte bezala. Urteko gainerako hilabeteetan, aldiz, neguko epealdiko neurriak aplikatuko dituzte aurrerantzean, Txomin Agirre kaiako 35 aparkalekutan eta Amaia plazako 15 plazetan izan ezik; horiek TAO sistemaren barruan mantenduko dira. Eremu horretako gainontzeko aparkalekuak bertako bizilagunentzat izango dira.
Bestalde, udalak kamera bidez zirkulazioa puntualki mugatzeko aukera izango du horretarako beharra dagoela ebazten duenean; zehazki, Paolbidean eta Larretxon, Alde Zaharrean eta Ardantzabiden. Halaber, Udaltzaingoak Zubi Txikitik erdigunerako zirkulazioa mugatzeko aukeera izango du gehiegizko trafikoa dagoen uneetan. Argi Yeregi hirigintzako batzordeburuak azaldu duenez, orain arte kongestio egoeretan aplikatu dituzten neurri horiek oinarri juridikoa izango dute aurrerantzean.
Gainera, Mugikortasun Planean zehaztu bezala, egun Erribera kalean indarrean dagoen gehienezko 10 kilometro orduko abiadura Alde Zahar osora zabaltuko dute.
Neurri horiek guztiak EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren zein PSEren abstentzioekin onartu dituzte gaurko udalbatzarrean. Xabier Odriozola jeltzaleak azaldu duenez, Txomin Agirre kaiako aparkalekuak (Aita Mari aretoaren eta Saregileen plazaren parekoak) "zumaiar guztientzat" izatea proposatu zuen EAJk, ez soilik eremu horretako bizilagunentzat, baina proposamenak ez zuen aurrera egin. Iñaki Ostolaza alkateak esplikatu duenez, plaza horiek beste kolore batekin markatu nahi zituen EAJk, eta haren iritziz, "ordenantza sinplifikatzeko helburuaren kontrakoa" litzateke hori egitea.
Onartu egin zuten, alta, jeltzaleek egindako bigarren proposamena: egun doakoak eta libreak diren GKN inguruko aparkalekuak errotazio ertainekoak izatea eta egun TAO sistemaren menpe dauden Axular ibilbideko aparkaleku guztiak bertakoentzat bideratzea. "Horrek eragingo du Narrondotik herrira sartzen diren turistak GKNra sartzea eta Alde Zaharreko auto pilaketak saihestea", esplikatu du Odriozolak.
Gutxieneko diru-sarrera, erdira
Mugikortasunaz eta aparkalekuez gain, higiezinez ere aritu dira udal hautetsiak gaurko udalbatzarrean. Batetik, aho batez onartu dute lokalen inguruko ordenantza egungo legediara egokitzeko moldatzea, eta hala, lokalak etxebizitza bihurtzeko prezio indizea 1,5etik 1era jaistea erabaki dute. Yeregik azaldu duenez, babes sozialeko salmentan nahiz alokairuan aplikatuko da indize hori, "lokalak etxebizitza bihurtzeko aukera espekulaziorako erabiltzea saihesteko helburuz".
Indarrean dagoen udal ordenantzaren arabera, lokal batek gutxienez bost urtez hutsik egon dela egiaztatu beharra dago bertan etxebizitzak egin ahal izateko. Alta, "arrazoi sozioekonomikoengatik hala justifikatzen denean", baldintza hori ezeztatzeko aukera egongo da aurrerantzean, betiere Gizarte Zerbitzuen txostenak baimentzen badu.
Bestalde, etxebizitza tasatuen ordenantzan aldaketak onartu dituzte EH Bilduren eta PSEren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioekin. Hala, "herritar gehiagori etxebizitza tasatuak eskuratzeko aukera emateko helburuarekin", gutxieneko diru-sarreren muga 30.000 eurotik 15.000 eurora jaistea adostu dute, eta gehieneko muga, halaber, 59.568 euroan ezarri dute.
Ordenantza horrek zehazten du etxebizitza tasatuetara sarbidea izan nahi duten herritarrek egiaztatu behar dutela Zumaia haien bizitokia izan dela gutxienez bi urtez jarraian edo hamar urtez modu ez jarraituan. EAJk baldintza horiek bost eta hamar urtera igotzea proposatu zuen, hurrenez hurren, baina proposamenak ez zuen aurrera egin.