Zestoako 'Elkartasuna Plazara' jaialdira joateko deialdia egin du Zumaiako Mugimendu Feministak

Maddi Txintxurreta

'Elkartasuna Plazara' jaialdirako txartelak eta elkartasun bonoak. (ZMF)

Abenduan epaitu eta ekainean absolbitu zituzten Zestoako sei bizilagunei 30.000 eurotik gorako gastu judizialak ordaintzen laguntzeko eta elkartasun feministaren garaipena ospatzeko eta aldarrikatzeko jaialdiari babesa agertu dio Zumaiako Mugimendu Feministak. Gogoratu du jaialdirako sarrerak Emakumeon Etxean daudela salgai.

Urriaren 17an Zestoan izango den Elkartasuna plazara jaialdira joateko deialdia zabaldu du Zumaiako Mugimendu Feministak, eta gogorarazi du jaialdirako txartelak salgai daudela Emakumeon Etxean.

Helburu bikoitza du urriaren 17ko jaialdiak: batetik, "elkartasun feminista" gauzatzeagatik joan den abenduan epaitu eta ekainean absolbitu zituzten Zestoako sei bizilagunei gastu judizialak ordaintzen laguntzea, 30.000 eurotik gorako gastuei egin beharko baitiete aurre; eta bestetik, "elkartasun feministaren garaipena ospatzea eta aldarrikatzea".

Hiru sarrera mota jarri dituzte salgai Zumaiako Emakumeon Etxean: bazkarirako txartelak (aukera beganoarekin) 25 euro balio ditu —prekarioentzat 15 euro–; kontzertuetarako txartelak, 18 euro –prekarioentzat 15 euro–; eta egun osorako txartelak (bazkaria + kontzertuak), 40 euro –prekarioentzat 28 euro–. Halaber, elkartasun bonoak eskuragarri jarri dituzte Emakumeon Etxean; 10, 20 edo 50 euroren truke.

Jaialdira joateko nahiz elkartasun bonoak erosteko deialdia egin du Zumaiako Mugimendu Feministak, nabarmenduz herritarren ekarpenak 30.000 eurotik gorako gastuak ordaintzera bideratuko dituztela.

Hona hemen jaialdiaren egitaraua: 

  • 12:00. Ongietorria.
  • 12:15. Onintza Enbeita eta Uxue Alberdi bertsolariak.
  • 12:30-14:00. Umeen txokoa.
  • 13:00. Le Big Gibel taldearekin poteoa.
  • 14:30. Herri bazkaria. 
  • Bazkalostean, poesia errezitaldia. 
  • 17:00. Kontzertuak: Rodeo eta familia, Aizpea, Ke Lepo, Sara Zozaya, Esanezin, Ines Osinaga, Bad Sound Sister.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide