'Elkartasuna plazara' jaialdirako sarrerak eskuragai daude dagoeneko

Aitziber Arzallus

Auzipetuei babesa adierazteko joan den abenduan Zestoako plazan egin zuten elkarretaratze jendetsua. (Maialen Etxaniz)

Abenduan epaitu eta ekainean absolbitu zituzten Zestoako sei bizilagunei 30.000 eurotik gorako gastu judizialak ordaintzen laguntzeko eta elkartasun feministaren garaipena ospatzeko eta aldarrikatzeko, Elkartasuna plazara jaialdia antolatu du Zestoako Mugimendu Feministak urriaren 17rako. Dagoeneko eskuragai daude jaialdirako sarrerak.

Zestoako Mugimendu Feministak Elkartasuna plazara jaialdia antolatu du urriaren 17rako, bi helbururekin: bata, "elkartasun feminista" gauzatzeagatik joan den abenduan epaitu eta ekainean absolbitu zituzten Zestoako sei bizilagunei gastu judizialak ordaintzen laguntzea, 30.000 eurotik gorako gastuei egin beharko baitiete aurre; eta bestea, "elkartasun feministaren garaipena ospatzea eta aldarrikatzea". Dagoeneko zehaztu dute egitaraua, baita sarrerak salgai jarri ere.

Hiru sarrera mota jarri dituzte aukeran: bazkarirako txartelak (aukera beganoarekin) 25 euro balio ditu —prekarioentzat 15 euro–; kontzertuetarako txartelak ,18 euro –prekarioentzat 15 euro–; eta egun osorako txartelak (bazkaria + kontzertuak), 40 euro –prekarioentzat 28 euro–. Zestoan, Portalen eta Ogiberrin eros daitezke; Zumaian, Emakumeon Etxean; Azpeitian, Orkatzen eta Nizan; eta Zarautzen, Arranon.

Zestoako Mugimendu Feministak, epaia jakin berritan, berri pozgarritzat jo zuen sei herritarren absoluzioa, "ezinbestekoa zauriak ixten hasteko", emakume baten eta haren inguruan babes sarea eraiki zuten herritarren kontrako prozedura judiziala abiatzeak berak justifikaziorik ez zuela arrazoituta. Baina aldeko epai bat ez da nahikoa auziak iraun duen zazpi urteotan bizi behar izan dituztenak ezabatzeko, "sufrimenduz, nekez eta ziurgabetasunez betetako prozesua" izan delako. Besteak beste, "espetxe zigorrekin mehatxatu zituzten elkartasuna gauzatzeagatik".

Prozesu horretan, bidelagun izan dituzte herritarrak, bai epaiketaren aurretik, baita epaiketak iraun zuen bost egunetan ere. Baina Zestoako Mugimendu Feministaren esanetan, bidea ez da absoluzioaren epaiarekin bukatu. "Prozesu honek, minaz eta sufrimenduaz gain, 30.000 eurotik gorako kostua ekarri die sei zestoarrei". Bidegabea zeritzon haien kontrako makroepaiketari, eta bidegabea deritzo horri guztiari halako zama ekonomikoa gehitzeari ere. Baina ziurtatu du zama horri ere elkartasunez erantzungo diotela; oraingoan, festa handi batekin. "Zeren, ez dugu ahaztu behar: elkartasun feministak irabazi du eta hori ospatzera goaz".

Zestoako Mugimendu Feministak eskerrak eman dizkie jaialdiaren antolakuntzan ezinbesteko laguntza eman dioten inguruko eragileei eta herritarrei, "izugarria izaten ari delako horien inplikazioa", eta nabarmendu du jaialdiaren egunean bertan ere beharko duela laguntza; inork boluntario gisa lagundu nahiko balu, zestoakomugimendufeminista@gmail.com helbidera idatz dezake. Horrez gain, jaialdian parte hartuko duten artisten konpromisoa eta ahalegina ere nabarmendu ditu. 

Hona hemen jaialdiaren egitaraua: 

  • 12:00. Ongietorria.
  • 12:15. Onintza Enbeita eta Uxue Alberdi bertsolariak.
  • 13:00. Le Big Gobel taldearekin poteoa.
  • 14:30. Herri bazkaria. 
  • Bazkalostean, poesia errezitaldia. 
  • 17:00. Kontzertuak: Rodeo eta familia, Aizpea, Ke Lepo, Sara Zozaya, Ines Osinaga...

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide