Datorren urteko tasek eta zergek %2,5eko igoera izango dute

Intza Trula

Irailekon ohiko udalbatzarra, atzo arratsaldean Zumaiako udaletxeko pleno aretoan. (Intza Trula)

Atzo arratsaldean egin zuten iraileko ohiko bilkura, eta 2027ko ordenantza fiskalak bozkatzea izan zen puntu nagusietako bat. Proposamenak aurrera egin zuen EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EAJ, aldiz, abstenitu egin zen. Beste hainbat puntu ere onartu zituzten; esaterako, egonaldi turistikoen gaineko zerga eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzuaren prezio publikoa arautzen dituzten ordenantzei hasierako onespena ematea.

Iraileko ohiko bilkura egin zuten atzo arratsaldean Zumaiako pleno aretoan, eta, bertan, besteak beste, 2027ko ordenantza fiskalak onartu zituzten. Hala, datorren urteko tasek eta zergek %2,5eko igoera orokorra izango dute. Proposamenak EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin egin zuen aurrera, EAJ abstenitu egin baitzen.

Unai Larrañaga Ogasun zinegotziak eman zituen proposamenaren inguruko azalpenak. Hark azaldu zuen moduan, iazko ordenantzekin alderatuta, "aldaketa gutxiko proposamena" da aurkeztu dutena, "EH Bilduk legealdi osoan defendatu duen norabideari eusten diona: hau da, kalitatezko zerbitzu publikoak lortzea eta herritarrei eskatzen diegun ahalegina arrazoitua izatea".

Alde batetik, hainbat tasei ohiko eguneraketak aplikatu dizkietela azaldu zuen, "borobiltzeko edo zerbitzuen kostuetara egokitzeko", eta, bestetik, "teknikoki urtero udal zerbitzuek proposatutako zenbait aldaketa" txertatu dituztela.TAO zerbitzuaren tasak izango dituen aldaketa batzuk ere jasotzen ditu proposamenak. Dena den, Larrañagak bereziki puntu batean jarri zuen arreta: berak azaldu zuenez, proposamen berriak jasotzen du guraso bakarreko familiei eta genero indarkeriaren biktima diren familiei familia ugarien hobariak aplikatuko zaizkiela. Zinegotziak azaldu zuenez, Zumaia aitzindari izan da neurri hau txertatzen. PSE-EEko zinegotzi Duñike Agirrezabalagak begi onez ikusi zuen EH Bilduren proposamena, eta alde bozkatuko zuela aditzera eman zuen.

EAJ, berriz, oro har ados agertu zen %2,5eko igoera orokorrarekin, eta baita guraso bakarreko familiek zein genero indarkeriaren biktimen zergaren kuota aldaketarekin. Hala eta guztiz ere, azken urteotan "presio fiskalaren igoera" izan dela iritzi zioten jeltzaleek, "zerga tasa eta koefiziente altuak" ezarri direla, eta "errekarguak handitu eta hobariak murriztu" direla. Hain justu, hori izan zen bozketan abstenitzeko arrazoia. Ildo horretatik, Iker Mardaras EAJko zinegotziak ondorengoa azpimarratu zuen: "Gure ustez, auzotarrek eta ekintzaile ekonomikoek egindako ahalegin ekonomikoa ez da proportzio berean islatu udal zerbitzuen hobekuntzan. Horregatik, iruditzen zaigu udalak oraindik baduela nahikoa gaitasun bere jarduera mantentzeko eta zerbitzu publikoak bermatzeko".

TAO zerbitzuaren tasaren aldaketarekiko desadostasuna ere adierazi zuen EAJk. Kasu honetan, Mardarasek gardentasun falta leporatu zion EH Bilduri: "TAOren tasetan aldaketak ez ezik, ordutegi eta aparkamendu eremuetan aldaketak egitea proposatzen da ordenantzan, TAOren ordenantzaren aldaketa aurkeztu ez denean eta eztabaidatu ere egin ez denean". 

Egonaldi turistikoen tasa ere aurrera

Halaber, egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzen duen ordenantzari ere hasierako onespena eman zioten atzoko bilkuran. Azken honek ere EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoak jaso zituen, eta EAJ abstenitu egin zen. Larrañagaren esanetan, "azken urteetan eskatutako tasa bat" da, eta helburu "sinplea" du: "Turismoak gure herrian sortzen dituen kostuen zati bat finantzatzeko baliabideak izatea, kostu horiek herritarrengan soilik gera ez daitezen". Ordenantza honi esker, EH Bilduk herriko turismoa "orekatua eta jasangarria" izan dadin lortu nahi du.

Tasa hauek ezartzeko, Ogasunak gutxieneko eta gehieneko kopuruen lerro bat zehaztu du, eta udalerri bakoitzaren esku utzi du establezimendu bakoitzari prezio bat ezartzea. Zumaiako udal gobernuari dagokionez, gehieneko kopurua aplikatuko du. Hori horrela, tasa berri honen kostu handiena etxebizitza turistikoetara joaten direnek ordaindu beharko dute: 6,5 euro pertsonako eta eguneko. Kostua 5,50 eurokoa izango da lau izarreko hoteletan; 3,50 eurokoa hiru izarreko hoteletan, apartamentu turistikoetan eta antzekoetan; 2,50 eurokoa bi izarreko hoteletan; 1,75 eurokoa izar bakarreko hoteletan, ostatuetan, kanpinetan, landetxeetan eta aterpetxeetan; eta, azkenik, 1,25 eurokoa nekazal turismoetan.

Dena den, Zumaian izar bateko eta bi izarretako hotelei, nekazal turismoei, kanpinei, apartamentu turistikoei eta etxebizitza turistikoei bakarrik eragingo die, herrian ez baitago hiru, lau edota bost izarreko hotelik. EH Bilduk jakinarazi zuenez, tasa honekin 180.000 euro inguruko diru sarrerak lortzea espero dute, eta kopuru hori turismo ikuspegitik herriari "zerbitzu egokiak" ematera bideratu nahi dute; adibidez, aparkalekuen sistemak finantzatzeko erabiliko luketela aurreratu zuten.

Agirrezabalagarentzat "beharrezko tresna" da tasa hau, "turismoak sortu ditzakeen gastuei aurre egiteko baliagarria". EAJk, bere aldetik, zenbait proposamen egin zituen ordenantza honetan txertatzeko, "baina aintzat hartu ez direnez", bozketan abstenitu egin zen talde jeltzalea. Mardaras udal gobernuaren "zehaztasun faltaz" kexu zen: "Eskertzekoa izango litzateke diru iturri honen helburuak zeintzuk diren argiago azaltzea, eta helburu zabalago bat izatea". Horri dagokionez, bildutako dirua lehentasunez garbiketara, hondartzetara, mugikortasunera, espazio publikora, mantentze-lanetara, segurtasunera eta herritarren bizi kalitatea hobetzera bideratzea planteatu zuen EAJk.

Gainera, tasa turistiko baxuena agroturismoei eta altuena etxebizitza turistikoei aplikatzearekin ados agertu zen talde jeltzalea, baina gainerako establezimendu motetan "erdibideko" tasa bat jarri nahi zuen udal taldeak.

Auto elektrikoen karga

Horrez aparte, auto elektrikoen karga puntuen prezio publikoak onartu zituzten, aho batez. Proposamena ondorengoa da: 0,5 euro kWatt bakoitzeko. Une honetan ez dago karga puntu publikorik herrian, baina epe laburrean hiru izatea aurreikusten dute: bat Mollaberri atzealdean eta bi Torreagako aparkalekuetan.

Beste puntu bat ere izan zuten mintzagai atzokoan: Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Zumaiako Udalaren arteko etxez etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko hitzarmenaren luzapena, hain justu ere. Puntu honek ere udal talde guztien babesarekin egin zuen aurrera.

Gainera, 2026ko 15. kreditu aldaketa ere onartu zuten, hau ere aho batez. Kreditu aldaketa honetan, hainbat proiektu aurrera eramateko gehikuntzak egin dituztela azaldu zuen Iñaki Ostolaza alkatean: esaterako, Aitzuri pilotalekuaren sarea berritzeko, kaleko animaliak jasotzen jarraitzeko eta Algorri Interpretazio Zentroan konponketa lanak egiteko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide