Fresko baina eder esnatu ze atzoko eguna Zumaian, bikain festa beteko Olagarro Egunerako. Goizean goiz atera ziren argazki rallyko parte hartzaileak eguneko irudi ederrenak klik batekin ehizatzera, eta poltsak beteta itzuli zen jendea Eusebio Gurrutxagan jarritako azokatik.
Herriko puntu desberdinetan jarritako zortzi txosnek zabaldutako usainak erakarri zituen herritarrak, eta arrapaladan joan ziren Zumaiako eragile desberdinetako kideek borondatez prestatutako olagarro brotxetak eta olagarroa patatekin jatera.
Goiz partean, Gernika Parkean bildu zen jende gehien. Itxas Gain elkartekoek antolatutako jolasekin dibertitu ziren haurrak eta gaztetxoak, eta 11:00ak iristerako, errioaren ertzera hurbildu zen jendetza, Olagarro Egunez kasik derrigor ikusi beharreko kuadrillen arteko batel estropadaz gozatzeko.
Estropadan parte hartu zuten 40 taldeek Olagarro Eguneko XVIII. Bandera zuten jokoan. Batzuk serio uretaratu ziren, beste batzuk ez horrebeste, baina giro herrikoia sortu zuten guztien artean. Azkenean, Zugea bagea eta Eterna taldeek lortu zuten bandera astintzea.
Olagarroaren bueltako festak gastronomia eta itsas kultura ardatz dituen arren, musikak ere izan zuen lekurik Zumaian. Jendeak hamaiketakoaz gozatu zuen bitartean, txistulariak eta trikitilariak arduratu ziren herriko kaleak girotzeaz.