Zumaiako Euskal Jai egunak eta Getarian egindako Elkanoren lehorreratzeak bat egin dute denboran, eta Zumaiako Udaleko zein elkarlanean aritu diren elkarteak kezka bazuten, ea Getariako itsasgizonaren omenez egindako ekitaldian eragina izango zuen Zumaiako festan. Ez dirudi hala izan denik, jende kopuru handia izan delako arratsaldean egindako ekitaldietan ere.
Herri bazkarian emandako paellarekin nahikoa ez, eta arratsaldean Erkibe kultur elkarteko kideek prestatutako taloei ere pasada egin diete herritarrek zein bisitariek. Eta hori sagardoarekin lagunduta bada, hobe. 19:00etan egin dute sagardo dastatzea Gurrutxaga plazan, karparen bi aldeetan, eta etxe desberdinetako ardoak probatzeko aukera izan dute postuz postu aritu direnek.
Bitartean, bi dantzaldi ere izan dira. Plazan bertan, karpan, Maddalen eta Jabogak jarri ditu gazteak, baita heldu batzuk ere, dantzan. Amaiako plazan, berriz, Joxe Mendizabalek jotako musikarekin aritu dira saltoka, dantzan eta gira eta buelta etxeko txikienak. Tolosako Jainekin txarangak herriko kaleak ere musikaz jantzi ditu. Gauean, eguneko azken ekitaldia izango da Amaiako plazan: dantzaldia izango da Laket taldearekin.