Lepokoez, mantalez, gerrikoez eta txapelez bete dira gaur Zumaiako kaleak, baina baita eguzkitako betaurrekoez ere. Eguna esnatu hala hasi da eguzkia gogor jotzen, baina, hala ere, gaurkoa egutegian markatutako eguna zuten zumaiarrek, eta baserritar modernoez jantzita atera dira kaleetara Euskal Jai eguna ospatzera eta festa giroaz gozatzera.
Dultzaina doinuekin esnatu da herria. Euskal Jai eguneko lehen orduetan Herriko Alde Zaharrean zentratu da giroa. 10:00etatik aurrera, azoka egin dute bertan, eta kalez kale aritu dira musika taldeak ere. Txalaparta doinuak ere entzun dira udaletxe azpian, Ander Hormazuri eta Juan Luis Blancori esker. Eguerdiko 12:00ak jo dituztenean, udaletxeko balkoira atera dira Miren Artetxe eta Xabat Illarregi, goiz parteko lehen balkoitik balkoirako bertso saioa eskaintzera. Bigarrena ordubete beranduago egin dute Kofradiako balkoian, soinu aparailuekin izandako arazoak direla eta, atzeratu egin behar izan duten arren.
Bitartean, Larraina euskara taldeko eta Korokoiak abesbatzako kideak kantuan aritu dira kalez kale, Eusebio Gurrutxagara heldu diren arte. Plazan egin dute Euskal Jai eguneko herri bazkaria. Paella goxoa jateko aukera izan dute karpa azpian bildu diren 400 lagunek.
Jaiak arratsaldean jarraituko du, honako egitarauarekin:
- 18:00. Amaia plazan, Joxe Mendizabalekin haurrentzat dantzaldia.
- 18:00. Odietan, Erkibe kultur elkartearen eskutik taloak.
- 18:30. Eusebio Gurrutxaga plazan, Jagoba eta Maddalen trikitilariekin dantzaldia.
- 19:00. Sagardo dastatzea.
- 22:30. Amaia plazan, Laket taldearekin dantzaldia.