Goizeko 9:00ak zirela adierazten zuten kanpai doinuak entzun bezain pronto, beste doinu batzuk hartu dute lekukoa Zumaiako Alde Zaharrean. Musika eta Dantza Eskolako dultzainero taldeak goiz soinua jo du, gaur ospatzen den Euskal Jai egunari hasiera emanaz. Udaletxe aurretik abiatuta, kalez kale aritu dira oraindik ohean zeuden herritarrak esnatuz.
Honakoa da Euskal Jai eguneko egitaraua:
- 10:00-14:00. Alde Zaharrean azoka.
- Goizean zehar, musika kaleetan.
- 12:00. Udaletxean, balkoitik balkoirako bertso saioa: Miren Artetxe eta Xabat Illarregi.
- 13:00. Kofradian, balkoitik balkoirako bertso saioa eta Zutrik taldearekin trikiti doinuak.
- Bitartean, udaletxetik abiatuta kantujira, Larraina euskara taldeak eta Korokoiak taldeak antolatuta.
- 15:00. Eusebio Gurrutxaga plazan, bazkaria. Bazkalondoan, Joxe Mendizabalen musika.
- 18:00. Amaia plazan, Joxe Mendizabalekin haurrentzat dantzaldia.
- 18:00. Odietan, Erkibe kultur elkartearen eskutik taloak.
- 18:30. Eusebio Gurrutxaga plazan, Jagoba eta Maddalen trikitilariekin dantzaldia.
- 19:00. Sagardo dastatzea.
- 22:30. Amaia plazan, Laket taldearekin dantzaldia.