Astearteko atseden egunaren ostean, entrenamendu saioa izan zuten asteazkenean saregileek. Trainerura igo eta itsasora atera ziren, zodiaketik Kike Manterola entrenatzaileak emandako aginduak jarraituz. Amane Jimenez (Azpeitia, 2004) patroiak tarte bat egin zuen galderak erantzuteko.
Azken estropadetan emaitzak ez dituzue aldeko izan eta sailkapeneko azken postuan kokatu zarete. Horren aurrean, nola zaudete?
Animikoki pixka bat baxu gaude, baina asteazkena da gaur [atzogatik], asteburu honetan beste bi estropada ditugu, eta burua altxa behar dugu. Astelehenean bilera egin genuen denok batera, eta esan genuen egoera honi buelta ematera joango ginela. Geratzen diren estropadetan dena ematera aterako gara. Orduan, gogotsu gaude.
Zer esan zenuten astelehenean egindako bilera hartan?
Asteburuko balorazioa egin genuen, eta ikusi genuen zer genuen hobetzeko. Beti bezala entrenatu genuen, elkarri esan genion ekipo bat ginela eta denok batera egin behar dugula aurrera.
Denboraldi hasieran entrenatzaileak zioen helburua mailari eustea izango zela, ahal zela, play offa saihestuta. Argi zenuten zaila izango zela iazko denboraldia errepikatzea, ezta?
Hori da. Hasieratik oso garbi genuen aurreko denboraldiko laugarren postu hari eustea zaila izango zela. Gu dena ematera ateratzen gara beti, baina hau da dagoena. Saiatuko gara azken postu hori saihesten, eta play offeko postuari eusten. Play offera iristen bagara, dena emango dugu. Horren zalantzarik ez dugu.
Zortzigarren geratzeak automatikoki maila galtzea suposatzen du. Denboraldiko une batzuetan Donostiarra atzean izan duzue, baina orain aurretik duzue, sei puntuko aldearekin.
Bai, guk azken estropadetan zortzigarren egin dugu, eta Donostiarrak, uste dut, igandean laugarren egin zuela. Oso estropada onak egiten ari da. Lehengo urtean ere ikusi zen behetik gorako denboraldia egin zuela, eta ematen du aurten ere hala egiten ari dela. Gu behean gaude orain, azkeneko postu horretan, baina gora egiten ere badakigu; estropada onak ere egin ditugu eta horretara aterako gara.
Emaitzak ez dituzue aldeko izan, baina, horretaz gain, traineru barrutik nola ikusten duzue egindako lana?
Negua oso gogorra izan da, eta neskek pila bat entrenatu dute. Guk garbi dugu behetik goranzko bidea egin dugula. Maiatzean Gipuzkoako txapelketan izandako emaitzak ez zuen gure maila erakusten [bederatzigarren izan ziren estropada hartan], hori garbi geratu zen. Momentu hartan estropada txarra egin genuen, baina horrek hobetze-marjin handia eman zigun, eta uste dugu hasierako estropada haietatik gora egin dugula. Beste taldeak gu baino hobeak badira, zoriontzea besterik ez zaigu geratzen. Nik uste goraka goazela eta egunetik egunera arraunean hobetzen goazela, nahiz eta noizbehinka estropada kaskarrak egin; badakigu zer hutsune ditugun, eta horiek hobetzera joango gara. Sei estropada geratzen dira, arraunketa hobetuko dugula konfiantza osoa dugu. Oraindik estropada oso onak egingo ditugula garbi dugu.
Negua gogorra izan dela aipatu duzu. Iaztik hona hamar edo 11 baja izateak ez zuen lagunduko.
Ez, batere ez. Baja asko izan genituen, baina zorionez jubenil asko ere igo dira. Uste dut taldean zazpi jubenil ditugula une honetan, baita aurten lehendabizikoz arraunean ari den neska bat ere. Hasieran zaila izan zen hori guztia kudeatzea, baina esan genuen hori zela genuena, aurpegi onena jarri behar genuela; hasieratik genekien oso zaila izango zela aurtengo denboraldia.
Aurrera begira, sei estropada horietara begira, prestaketa berezirik egin duzue?
Dinamika berdina ari gara jarraitzen. Esandakoa, badakigu zertan hutsegiten dugun, eta entrenamenduetan horretan jartzen ari gara fokua, hobetzen joateko. Bestela, entrenamenduekin berdin jarraitzen dugu.
Gaur-gaurkoz sei puntuko aldea ateratzen dizue Donostiarrak. Aldea jateko modukoa al da?
Bai, bai, ez da ezinezkoa. Esan izan dugu horri buelta emateko gai garela. Badakigu gure gogo eta indar denak horretan jarri behar ditugula, eta, dena emanda eta gure arraunketa onenarekin, sei puntu horiek jan eta zazpigarren postura iristen saiatuko gara. Badakigu ez dagoela ezer garbi oraindik, eta beraz, dena ematera aterako gara.