Helene Alberdik brontzezko domina lortu zuen atzo, igandez, Banyolesen (Katalunia) jokatu duten distantzia erdiko Europako Triatloi Txapelketan. Marta Bernardi eta Sanra Sandrini izan ziren une oro lasterketaren buruan, eta haien atzetik zeharkatu zuen helmuga zumaiarrak.
Distantzia erdiko maratoiko kirolariek 1,9 kilometro egin zuten igeri, 83 kilometro bizikletaz eta hamalau kilometro korrika. 21 kilometrokoa izan behar zuen oinezko zatiak, baina beroagatik laburtu egin zuten. Bernardik, lasterketaren irabazleak, 3.45,42 denbora eginda gurutzatu zuen helmuga. Ia zazpi minutura amaitu zuen proba Alberdik, 3.52,05 denborarekin.
Alberdik joan zen maiatzaren 23an lortu zuen Europako Txapelketarako txartela, distantzia ertaineko Espainiako Txapelketa irabazita.
Lopetegi ere bikain
Bestalde, Julen Lopetegi triatleta azpeitiarrak ere parte hartu zuen Europako Txapelketan, eta lan bikaina egin zuen: bederatzigarren helmugaratu zen. Distantzia erdiko maratoiko kirolariek 1,9 kilometro egin zuten igeri, 83 kilometro bizikletaz eta hamalau kilometro korrika, emakumeek bezalaxe.
Lopetegi bera ez ezik, haren taldekideak ere fin aritu ziren proban; izan ere, Peñota taldeko Mikel Arrasatek irabazi zuen urrezko domina gizonen proban. Hark hiru ordu, hamar minutu eta 38 segundo behar izan zituen proba bukatzeko.
Lopetegik ere Iruñean lortu zuen Europako Txapelketan aritzeko txartela, joan zen maiatzean Espainiako Txapelketan bigarren eginda.