Helene Alberdi nagusi izan zen atzo Iruñean jokatu zen Distantzia Ertaineko Espainiako Triatloi Txapelketan, eta Julen Lopetegi triatleta azpeitiarrak bigarren postua eskuratu zuen. Faboritoen artean zebilen Zumaiako triatletaren izena eta honek ez zuen hutsik egin; 3:52:23 denboran osatu zuen lasterketa. Nacho Galvez madrildarraren atzetik helmugaratu zen Lopetegi, 03:25:15eko denbora eginez; irabazleak baino hiru minutu gehiago.
Maria Vilas galiziarrak eman zuen probako ezusterik handiena, eta ez zizkion gauzak erraz utzi Alberdiri. Hasiera-hasieratik buruan jarri zen; lehenik eta behin, igeriketako zatian eta ondoren, bizikletakoan. Zumaiako bizilaguna hirugarren postuan iritsi zen korrikako zatira, eta erritmo bizia jarrita, bigarren itzulian hartu zion aurrean galiziarrari, non helmugara konfiantzaz iritsi zen.
Alberdiren atzetik, bi minutu eta erdira iritsi zen Vilas (3:55:03), bigarren postuan, eta podiuma Marina Muñoz segoviarrak osatu zuen, hirugarren sailkatuta (3:58:29).
Gizonezkoetan, Galvezek egundoko marka lortu zuen 3:21:52koarekin, eta azpeitiarrak ongi merezitako bigarren postua erdietsi zuen. Igerian atzeraxeago geratu zen arren, bizikleta gainean erakustaldia egin zuen Lopetegik, eta bigarren amaitu zuen proba hori. Ondoren, postu horri eutsi zion korrika ere, eta, azkenean, bigarren postuan helmugaratu zen lasterketa 03:25:15 denboran osatuta. Irabazlea baino 3 minutu eta 22 segundo gehiago behar izan zituen helmuga zeharkatzeko.
Guztira, 2.000 triatleta inguru aritu ziren profesional mailako zirkuitua osatzeko lehian. Agoizko urtegian (Nafarroa) bi kilometroko igeriketa saioa osatu behar izan zuten horiek aurrena, ondoren, bizikletaz 80 kilometro egin behar izan zituzten Nafarroako errepide malkartsuetan barrena Iruñera iritsi arte, eta, azkenik, 18 kilometro osatu zituzten korrika Iruñeko Alde Zaharrean barrena, lasterketa Gaztelu plazan amaituz.
