Gipuzkoanatura fundazioak kudeatuko du aurrerantzean Flyschenea zerbitzua

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 26a

Hiltegi zaharra Flyschenea bihurtzeko abian dauden lanen inguruko kartela, eraikinaren sarreran. (Juan Luis Romatet)

Proposamena ontzat eman zuten atzo arratsaldean egin zuten ekaineko ohiko udalbatzarrean. Flyschenea izena hartuko du aurrerantzean orain arte Algorri interpretazio zentroa izan denak. Gipuzkoako Parketxe Sarean ere sartuko da Juan Belmonte kaleko hiltegi zaharrean kokatzen den zerbitzua. 

Udal ordezkariek ekaineko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo arratsaldean Zumaiako udaletxeko pleno aretoan. Aztertu zituzten gaien artean, etorkizun batean Flyschenea izena hartuko duen zerbitzuaren kudeaketa Gipuzkoanatura fundazioaren eskutan uztea izan zen. Proposamena aho batez hartu zuten udalean ordezkatuta dauden hiru alderdietako zinegotziek.

Zehazki, Flyschenea izena hartuko du orain arte Algorri interpretazio zentroa izan denak. Juan Belmonte kaleko hiltegi zaharrean kokatutako zerbitzua itxita dago une honetan, proiektu museistikoa eguneratzeko eraberritze lanak direla eta. Lan horiek Europako Batasunak emandako funtsen bidez finantzatuko dituzte.

Iñaki Ostolaza alkateak eman zuen proposamenaren berri, eta zehaztu zuen Flyschenea izango dena Gipuzkoako Parketxe Sarearen (GPS) parte izango dela etorkizunean. "Gipuzkoako parketxeak kudeatzen dituen erakundea da, eta hor sartzen dira helburu berberak dituzten parketxeak", azaldu zuen. Zumaiako zerbitzua sare horren parte bihurtzeko izandako negoziazioek luze jo zutela ere adierazi zuen alkateak. "GPSko partaide izateko udalak itzuli beharrik gabeko 20.000 euroko ekarpena egingo du. Gipuzkoanatura fundazioak, bere aldetik, 130.000 jarriko ditu Flyschenea izango dena kudeatzeko". Gaineratu zuen haren zerbitzuak kontratatzea udalaren esku geratuko dela, baina gastu arruntak (argindarra, ura...) aldundiak ordainduko dituela.

Lau kidek osatutako jarraipen mahai bat osatuko dutela ere iragarri zuen Ostolazak. "Alde bakoitzak [GPSk eta Zumaiako Udalak] bina kide izango ditu". Zerbitzu berria urtean 90.000 euro biltzeko gai izango dela uste dute GPSk zein udalak, eta aipatutakoa baino kopuru handiago jasotzen badu, jarraipen mahaiak erabakiko du diru hori zertara bideratu. Alkateak laburbildu zuenez, hiltegi zaharreko eraikinak udalarena izaten jarraituko du, baina lagapena egingo dio aldundiari, erakunde hori arduratuko baita [Gipuzkoanatura fundazioaren bidez] haren kudeaketaz.

Sozialisten ezezkoa mozioari

Bilkurako beste gai batzuen artean, eta beste udalerri askotan egin bezala, foruen abolizioaren 150. urteurrena eta alkateen mugimenduaren 50. urteurrena gogoratzen dituen mozioa ere aztertu zuten, EH Bilduk eta EAJk plenora eramanda. Frantziako Iraultzaren ondotik euskal lurraldeetan, iparraldean zein hegoldean, izandako foru abolizioak gogoratzen ditu mozioak, baita 1976. urtean Bergaran (Gipuzkoa) sortutako alkate mugimendua ere. Gainera, urteurrenak gogoratzeko aurten uztailean Bergaran egingo duten ekitaldian parte hartzeko gonbidapena ere egin zuten idatziaren bidez.

Espero bezala, EH Bilduko eta EAJko zinegotziek aldeko botoa eman zioten adierazpenari PSE-EEko zinegotzi Duñike Agirrezabalaga hautetsiak, baina, ezezko botoa eman zuen. Hark adierazi zuen mozio "oso politikoa" zela aurkeztutakoa, eta ez zela "urteurrena gogoratzera mugatzen", baizik eta "agenda politikoa" zuela atzean. Memoria historikoa landu baino, mozioarekin "adierazpen suberanista" egiten dela esan zuen zinegotziak, eta gaineratu zuen: memoriaren alde egoteak ez dituela behartzen mozio hori onartzera. "Zuentzako burujabetza helburu bat da, eta horrek ez du herritarren bizi kalitatea hobetzeko balio". Iñaki Ostolazak hartu zuen jarraian hitza. Agirrezabalagari erantzun zion: "Suberanismoa eta herritarren ongizatea kontrajarriak direla diozu, eta adierazpen horren aurka gaude gu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide