"Salbatzea da erronka, ahal dela, 'play-off'-ak jokatu gabe"

Maddi Txintxurreta 2026ko ekainaren 25a

Kike Manterola, Zumaiako emakumezkoen arraun taldeko entrenatzailea. (M. Txintxurreta)

Saregileen entrenatzaile bezala gauzatuko duen hamabosgarren denboraldiari buru egiteko prest da Kike Manterola (Zumaia, 1970). Salbatzea izango da erronka.

Sailkapenaren erdian bukatu zenuten iaz. Euskotren ligara itzuli berritan, ez da emaitza txarra. Zer sentsaziorekin amaitu zenuen denboraldia?

Oso onarekin. Denboraldiaren erdialdera-edo ikusi genuen salbatuko ginela, eta aurten bezala, horixe zen gure helburua, salbatzea, ez joatea play-off-etara eta ez jaistea. Laugarren postuan finkatu ginen, eta oso emaitza ona zen hori. Txanda zailetan joaten ginen, onenekin, eta halere, postu horri heltzea lortzen genuen. Oso gustura gelditu ginen denboraldiarekin.

Eta, hala ere, hainbat arraunlarik utzi dute kluba. Zenbat baja izan dituzue?

Bederatzi izan dira azkenean.

Zer gertatu da?

Denetarik. Hiru beste klub batzuetakoak ziren; bat Astillerokoa zen, beste bat San Juanera itzuli da lehenengo mailara igo denean... Beste bik urte dezente zeramatzaten eta nekatuta zeuden. Beste bi kanpora joan dira; bat Donostiarrara eta bestea Oriora. Eta azken biek utzi egin dute; pena, gazteak eta oso arraunlari onak dira eta.

Gogorra izango da hori entrenatzaile batentzat.

Bai. Pasa den urtean eman genuen mailarekin... Egia da bloke sendo batek hor segitzen duela, baina boskote garrantzitsua joan zaigu, eta uste dut aurten salto txiki bat eman izan bagenu goian ibiltzeko moduan izango ginatekeela.

Gazteak lehen mailara igotzea izan da horren soluzioa?

Bai. Zortea izan dugu, jubeniletako bostekin txalupa osatzea lortu baitugu. Hala ere, Mediterraneotik ere bi arraunlari etorri zaizkigu, oso justu baikeunden: hamabost lagun eta bi patroi ginen, bi ordezko bakarrik, ia batere ez. Bi horiekin lau ordezko ditugu orain, eta beste oinarri bat emango digu horrek. Talde gaztea izango da. Oso gaztea. Hamazazpi dira guztira, horietatik sei jubenilak, eta seitik bost, lehenengo urtekoak. Adinaren batez bestekoa ez dakit zenbatekoa den zehazki, baina 19 urte ingurukoa izango da.

"Baditugu lauzpabost arraunlari traineruan urte batzuk egin dituztenak, eta uste dut ekarpen handia egingo dutela"

Beteranotasuna zuk jarri beharko duzu, beraz.

Bai... Esperientzia pixka bat faltako zaigu agian. Edo esperientzia baino gehiago, traineruan agintzeko behar den izaera hori. Baina baditugu lauzpabost arraunlari traineruan urte batzuk egin dituztenak, eta uste dut ekarpen handia egingo dutela.

Hamabosgarren denboraldia egingo duzu entrenatzaile modura. Ilusioarekin jarraitzen al duzu?

Bai, oraindik bai.

Traineruan izandako aldaketa guztiekin, nola ikusten duzu taldea? Zer sentsazio utzi dizkizute neguko lanek?

Gauden bezala egonda, lan oso ona egin dugu, eta oso gustura gaude horrekin. Ondo ari gara lehiatzen. Oraindik gauza batzuk bilatu behar ditugu, zeren txalupa osatu ezinik ibili gara, eta nahi baino gutxiago joan gara uretara. Baina garai hobean gaude orain; gazteek bukatu dituzte ikasketak eta oporretan daude, beraz, lana hobeto egingo dugu. Egia da, denbora aldetik, muga-mugan iritsi zaigula garai hau. Baina ilusioarekin gaude, eta talde bezala, oso indartsu. Oso ondo moldatzen dira beraien artean. Ea ba ondo hasten garen, zeren, ondo hasten bagara, salbatzeko aukerak izango ditugu.

Maila mantentzea izango da, beraz, zuen helburu nagusia. Iazko postuari heltzea lortuko duzuela uste duzu?

Iazkoa errepikatzea zaila izango da. Baina oraindik ez dugu ezer ikusi; esan bezala, gauza batzuen bila ari gara oraindik. Agian, iaz bezala, sorpresa emango dugu aurten ere, oxala. Baina salbatzea da lehenengo erronka, ahal dela, play-off-ak jokatu gabe.

Hiru handiak izan zenituzten iaz aurretik: Arraun Lagunak, Tolosaldea eta Orio. Garaiezinak izango dira aurten ere?

Lehenengo biak goian egongo direla esango nuke, eta Orio ere bai agian. Talde horretan San Juan sartu beharko genuke. Aurten igo da, baina neguan oso indartsu aritu da. Denborak bere lekuan jarriko gaitu denok, baina momentu honetan, San Juan Ohorezko Txandan ikusten dut.

San Juan izan daiteke zuen aurkari zuzenetako bat?

Hibaika eta Donostiarra gehiago, esango nuke.

Larunbatean Madrilen jokatuko duzue lehenengo estropada. Urduritasuna, gogoa... zer gailentzen da taldean?

Batez ere gogoa dago. Urduritasuna? Ikusmina esango nuke. Niri horrelako bidaiak ez zaizkit batere gustatzen; ziur aski beroa aurkituko dugu, leku ezezaguna da... Baina joan beharko dugu.

Joan eta egin.

Hori da, ahal den ondoen.

Nola ikusten dituzu zaleak? Zumaian indartsu al dago arraunarekiko grina?

Ez nuke esango indartsu dagoenik. Jende helduak, garai onak bizi izan zituenak, bizi du arrauna, baina gazteek... Jarraitzen dute, baina ez du hainbesteko ikusmina eragiten haien artean; nik ez dut ikusten behintzat. Gurasoak joaten dira estropadak ikustera eta bultza egitera, horrek asko laguntzen du. Baina, bestela, zaleak ez dira estropadetara joaten. Normalean, ondo ibiltzen bazara, jendea gehixeago mugitzen duzu, baina erdipurdi ibiliz gero, jendea ez da hainbeste joaten estropadetara. Telebistan, egunkarietan edo irratian jarraitzen dute arrauna.

Beste ezer gehitu nahi duzu?

Esan nahiko nuke ondo legokeela aurten izan ditugun arazoak ez errepikatzeko jendea arraunean hastera bultzatzea. Arraunak badu zera berezi bat, jendea harrapatu egiten du; beraz, polita litzateke gazteak animatzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide