Albistegia

Moilaberri, Turismo Bulegoaren eta herriaren historiaren aterpe

Juan Luis Romatet eta Gorka Eizagirre 2026ko ekainaren 16a

Duela ehun urte tren geltokia eraiki zuten Moilaberrin, eta Zumaiako Osasun Zentroa aterpetu zuen beranduago eraikin horrek. Orain, Zumaiako Turismo Bulego berria eta herriaren historia jasotzen duen proiektu museistikoa daude bertan. Atzo inauguratu zuten.

Moilaberri eraikinak hainbat erabilera izan ditu azken mendean. Urolako trena martxan jartzearekin batera, duela mende bat eraiki zuten tren geltokia han, eta ondoren, Zumaiako Osasun Zentroa aterpetu zuen. Orain, hirugarren erabilera eman diote geltoki zaharrari: Zumaiako Turismo Bulego berria eta herriaren historia jasotzen duen proiektu museistikoa jasotzen dituen Moilaberri Estazioa eraikina inauguratu zuten atzo, astelehena

Eguerdian egin zuten eraikinaren inaugurazio ofiziala, eta erakundeetako ordezkariak bakarrik ez, aurrez geltoki zaharreko erabiltzaileak zirenak ere gonbidatu zituen udalak. "Geltokia zenean jende bat bertan bizi izan zen, baita jaio ere, eta haiek gonbidatu nahi izan ditugu. Baita anbulatorioa zeneko sendagile, erizain edota administrariak ere", azaldu zuen Iñaki Ostolaza alkateak. 

Hitza hartzen lehena Zumaiako Udaleko turismo teknikari Esti Irureta izan zen. Gogoan izan zuen duela 25 urte sortu zutela Turismo Saila Zumaian, eta ordutik bulegoa Moilaberritik hurbil izan bada ere, eraikin berrira mugitzeak ilusioa eragiten diola adierazi zuen. 

Eraikinaren beheko solairuan bisitari zein herritarrak artatzeko guneak daude. "Zumaiako informazioa bakarrik ez, bailarakoa edo Geoparkekoa ere emango dute, baita herriko beste zerbitzuetan parte hartzeko gonbidapena egin ere", azaldu zuten aurkezpenean. Zentzu horretan, hiltegi zaharrean atontzen ari diren Flyschenea zerbitzua aipatu zuten, orain arte Algorri zentroa izan dena. Lehen solairuan, berriz, Zumaiako industria-ondarearen testigantza eskaintzen duen museoa prestatu dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide