Erreportajeak

Zilarrezko hariak lotuz, bakardadea hausteko

Gorka Eizagirre eta Maddi Txintxurreta 2026ko ekainaren 5a

Zumaiako Nagusilan taldeak bere 25. urteurrena ospatzeko prestatu duen egitarauaren baitan, Zilarrezko Hariaren Sprinta egin zuten atzo Oxford aretoan. Elkarteko boluntarioek adineko pertsonen bakardadea arintzeko helburuz urtean zehar eskaintzen duen telefono deien zerbitzua ezagutzeko eta probatzeko aukera izan zuten herritarrek.

Adineko pertsonen bakardadea arintzeko helburuarekin lan egiten duen Zumaiako Nagusilan taldeak 25 urte bete ditu. Urtean zehar egiten dituzten ekintzen berri emateko baliatu dute urteurrena, eta asmo horrekin, Zilarrezko Hariaren erakusleiho bilakatu zuten atzo, osteguna, Alondegiko Oxford aretoa. Profil desberdinetako dozenaka herritar aritu zen adineko pertsonekin telefonoz hitz egiten, eta Nagusilanek eskaintzen duen zerbitzua probatzeko aukera izan zuten telefonoaren alde bateko zein besteko herritarrek.

Ordu erdiko txandak egin zituzten ekimenean parte hartzera animatu zirenek, eta telefonoak eseki gabe izan zituzten lau orduz, 10:00etatik 14:00etara. Elkarteko boluntarioak oso gustura agertu dira goizak eman zuenarekin: 202 dei egin zituzten guztira, eta "kalitate handikoak" gainera, dei guztiak batuta, 11 ordu eta erdiz aritu baitira telefonoz.

Egitasmo irekia zenez, Nagusilaneko boluntarioek egiten duten lanaren berri izateko abagunea aukera izan zuten herritarrek, horien artean, Oxfordetik pasatu ziren Lehen Hezkuntzako eta DBHko 120 ikasleek. Nagusilan eta Zilarrezko Haria ezagutzeaz gain, adin nagusiko pertsonen bakardadearen inguruan gogoeta egin zuten.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide