Identifikatu dute igande goizean Itzurungo hondartzan azaldu zen emakumezkoaren gorpua. Gukak jakin duenez, Eibarko ertzain etxean jasotako desagertze salaketa bati esker lortu dute emakumezkoaren gorpua norena zen jakitea, baina ez dute datu gehiagorik eman. Horretaz gain, hedabide honek jakin du aurkitu zuten momentuan zazpi bat ordu inguru zeramatzala gorpuak hilda, kontrako hipotesiak zabaldu diren arren.
Igandeko 08:00ak aldera jaso zuten jazotakoaren abisua larrialdi zerbitzuek, San Telmo festetako lehenengo asteburuan, herritar batek itsasertzean gorpua ikusi ondoren. Herritarraren abisua jaso ostean, Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuak Itzurunera joan ziren, eta emakumearen heriotza egiaztatu ostean, 13:30ak aldera altxatu zuten gorpua hondartzatik. Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutura eraman zuten gorpua, Donostiara, han autopsia egiteko. Hildakoak ez zeraman soinean identifikaziorik.