Elkarrizketak

Frida Watkins: "Elaiak eta biok asko jokatu dugu elkarrekin eta uste dut irabazteko aukerak ditugula"

Maddi Txintxurreta 2026ko apirilaren 2a

Winter Series txapelketa irabazi berritan, datorren astelehenean jokatuko duen Zumaia Jai Alai Master Serieseko lehenengo partidara begira dago Frida Watkins puntista.

Final estua jokatu zuten martxoaren 23an Durangoko Ezkurdi pilotalekuan, baina, azkenean, horrenbeste borrokatu duen txapela etxera eramatea lortu zuen Frida Watkins puntistak. Zumaiako atzelariak Erika Mugartegi izan zuen kide kantxaren aurreko aldean, eta joko azkarrean gailendu ziren Helena Barrenetxea eta Arai Lejardi bizkaitarren kontra.

Orain, ordea, beste txapel bati begira dago Watkins, apirilaren 6an Zumaia Jai Alai Master Series lehiaketako finalaurrekoetako partida jokatuko baitu, etxean eta santelmoen bezperatan. Elaia Gojenolarekin osatuko du bikotea Aitzuri pilotalekuko txapelketan, eta Helena Barrenetxea eta Oaia Otaño izango dituzte aurkari.

Astebete pasatu da Winter Series lehiaketako txapela lortu zenuenetik, nola zaude orain? Lortutakoa asimilatzeko denbora izan duzu?

Bai, aste bat pasatu da, eta esango nuke asimilatu dudala. Denbora asko neraman honen zain, eta lortzea pozgarria da.

Winter Series txapelketan lortu duzun lehenengo txapela izan da. Arantza bat kendu izanaren sentsazioa duzu?

Pixka bat bai. Azken finean, lehenago finala jokatu nuen Gasteizen, eta ez nuen batere final polita izan; horregatik, Winter Series irabaztearekin eta, gainera, ondo jokatzearekin, final horretako nahiz Winter Serieseko arantzak kendu nituen.

Erika Mugartegirekin osatu zenuen bikotea txapelketa horretan. Emaitzek erakusten dute ondo ulertu duzuela elkar, nola bizi izan zenuen zuk barrutik?

Uste dut Erikak eta biok oso ondo jokatzen dugula elkarrekin. Txapelketetan urte asko daramatzagu biok elkarrekin jokatzen, eta bikote polita egiten dugula uste dut.

Zer gustatzen zaizu gehiago, banaka ala binaka jokatzea?

Binaka jokatzea gustatzen zait, baina egia da banaka jokatzeak grazia gehiago duela. Azken finean, bakarrik zaude eta nahi duzuna egin dezakezu.

Nola prestatzen zara horrelako txapelketa baterako?

Saiatzen naiz aste horietan asko entrenatzen, baina ez ditut bi ordu sartzen frontoian, egunero pixka bat egiten dut, batez ere hutsegiteak hobetzeko.

Zer gorputzaldirekin iritsi zinen Winter Series txapelketara?

Egia esan, Erikarekin bikotea osatuko nuela esan zidaten momentutik pentsatu nuen irabazteko aukerak nituela. Baina, noski, horretarako ondo jokatu behar genuen. Lehenengo partidetan beldur pixka bat sartu zitzaidan, zeren final laurdeneko partida ez genuen oso ondo jokatu. Gero, finalaurrekoa pixka bat hobeto jokatu genuen, eta finala oso ondo.

Final gogorra izan zen. Lehenengo seta irabazi zenuten, baina bigarrenean zu estutzeko asmoz aritu ziren Helena Barrenetxea eta Arai Lejardi aurkariak. Zer sentsazio izan zenituen orduan?

Bada, estu samar. Ikusten nuen tantoak oso luzeak zirela, igual berrogei pilotakadakoak, eta galdu egiten genituen. Gainera, saiatu ginen Erika jokoan sartzen, eta ez genuen lortzen, beraz, apur bat estresagarria izan zen. Baina lortu genuen.

"Momentuko pertsona naiz, ez dakit zer gertatuko den etorkizunean"

Burua hotz mantentzea da garrantzitsuena horrelakoetan?

Bai, zailena lasaitasuna mantentzea da. Nekatuta zaude, tantoak oso luzeak dira, badakizu zure bila doazela…

Finalerdiko partidan bezala, joko laburrean lortu zenuten finala irabaztea. Nola aurkitzen duzu zure burua momentu horietan?

Jendeari ez zaio batere gustatzen hirugarren seta, beste batzuk nahiago dute jokatu. Niri gustatzen zait bost tantora delako, ez da hamabosteko beste set bat. Dena ematen duzu, eta ateratzen dena. Zorteak ere eragina du, baita lehenengo tantoa egiteak ere.

Hurrengo erronka, Zumaiako Jai Alai Master Series txapelketa. Apirilaren 6an jokatuko duzu Elaia Gojenolarekin batera; etxean eta santelmoetan, berezia izango da, ezta?

Bai, horrek motibatzen nau. Santelmoak dira, urte osoa daramagu jai hauen zain, eta ederra sa santelmoetan jokatzea.

Zeintzuk dira zure espektatibak Zumaian jokatuko duzun torneoarekin? Winter Serieseko txapelak indarra emango al dizu?

Ez horrenbeste. Bi torneo oso desberdin dira, jokatuko duen jendea desberdina izango da. Baina Elaiak eta biok asko jokatu dugu elkarrekin, badugu elkarrekiko konfiantza eta uste dut irabazteko aukerak ditugula.

Hamazazpi urte dituzu, eta seguraski, ibilbide luzea aurretik. Asko begiratzen diozu etorkizunari ala nahiago duzu momentuaz gozatu?

Momentuko pertsona naiz, ez dakit zer gertatuko den etorkizunean. Oso gaztea naiz, eta ez dut aterik itxi nahi, beraz, ea zer geratzen den.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide