Esprintean erabaki da 18. Zumaia Saria. Tropel nagusia elkarrekin iritsi da Axular ibiltokira, eta Haritz Felix Azurmendi (Eiser- Hirumet Team) lezamarra izan da helmugako lerroa zeharkatzen bizkorrena, 02:29:15eko denborarekin. Bigarren postua Diego Ruiz de Arkauterentzat (Smartlog Nest) izan da eta hirugarren postua, berriz, Iñaki Lopezentzat (Equipo Finisher/Kern Pharma).
23 nahiz 30 urtez azpikoen mailan, Hego Euskal Herriko errepideko denboraldiari hasiera eman diote gaur Zumaian, eta, horrez gai, Euskaldun Trofeorako proba puntuagarria izan da. Guztira, 156 txirrindularik osatu dute 114 kilometroko ibilbidea, eta aipatzekoa da Maite Urteaga zumaiarra (Eulen-Amenabar) izan dela lasterketa burutu duen emakumezko bakarra; esprinteko tropelean iritsi da helmugara.
Mendiko saria Ismael Castañok (Torres-Sobato) lortu du eta zehar helmugetako saria, berriz, Unai Zuritak (Eulen-Amenabar). Talde onenaren saria Eiser- Hirumet Team-entzat izan da.
