Albistegia

Kaldereroek dantzez eta musikaz beteko dituzte larunbatean Zumaiako kaleak

Gorka Eizagirre-Maria Maya Manterola-Juan Luis Romatet 2026ko otsailaren 4a

Zapatu iluntzean ibiliko dira kalez kale, Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta. Kalejira prestatzeko hiru entsegu saio egin dituzte Komentua Kulturguneko kaperan. 

Zartaginen tintin hotsak entzungo dira larunbat arratsaldean Zumaiako kaleetan. Azken urteotan gertatu bezala, kaldereroak kalejiran aterako dira iluntzearekin batera. Inauterien atariko dantza eta musika saioa 19:30ean abiatuko da Eusebio Gurrutxaga plazatik, eta Erribera kalea zeharkatu eta gero, Amaiako plazara helduko dira, Ondartxo plazara heldu eta han saioa amaitzeko.  

Desfileko kideen mozorroetan ez dira faltako urre kolorezko txanpon txikiak, burua estaltzeko kapelak eta zapiak; erreginek eta hartzak ere ez dute hutsik egingo, eta denen artean astebete beranduago ospatuko diren inauterietarako girotuko dituzte herriko kaleak. “Bakoitza nahi duen eran jantziko da. Azken finean, festa herrikoi bat da eta helburua ez da perfektu jantzita joatea, parte hartzea baizik”. 

Beste herri batzuetan ez bezala, kaldereroen historia ez da Zumaian oso luzea. Antolaketa taldeko Araika Arronak gogoratu duenez, 2018. urtean egin zuten lehendabiziko kalejira. “Ideia zoro” bezala abiatu zutela gaineratu du. Denborarekin, gero eta jende gehiago biltzen dela ere azaldu du antolatzaileak. “80 lagun inguru biltzen gara. Badirudi herrian jendea animatzen dela, eta hementxe gaude beste urte batez”.  

Musikak eta paderen txilin hotsek bakarrik ez, dantzek ere hartuko dituzte zapatu iluntzean Zumaiako erdiguneko kaleak. Guztira, zazpi bat abesti prestatu dituzte, bakoitza bere dantzarekin. Kaldereroen desfileetan ohikoak diren doinuez gain, polka bat ere sartu dute errepertorioan. “Iaz sartu genuen lehendabizikoz, eta aurten mantentzea erabaki dugu”, dio Arronak. Gaineratu du aipatutako polka hori berez ez dela kaldereroetako abesti bat, “baina iruditu zitzaigun dinamikoa zela, eta jendea pixka bat animatzeko sartu genuen, ikusteko, baita ere, kalejirarako egokia dela”. 

Kalejira prestatzeko hiru entsegu saio egin dituzte aurreko hiru larunbatetan, etorkizun hurbil batean auditorio bihurtuko den Komentuko kapera ohian. Han aritu dira dantzak entseatzen, haur zein heldu. “Kaldereroak zer diren ez dakitenei haien berri ematea izan da saio hauen helburua”, azaldu du Arronak.  

Hala ere, antolatzaileak nabarmendu duenez, entseguetara joan ez direnek ere izango dute zapatuko desfilean parte hartzea. “Ekintza ireki” gisa definitu du Arronak larunbatean egingo duten kalejira. Jakitun da antolatzailea herritar batzuk azken unean helduko direla plazara kaldereroekin bat egiteko gogoz. “Badakigu aurreko urteetan parte hartu, eta kaldereroak zer diren badakiten horietako batzuk, azken unean etorriko direla desfilean parte hartzera”. 

Kaldereroen desfileak

Azpeitia

Otsailak 6, 19:00. Kaldereroen konpartsa, Udal Musika Bandaren laguntzarekin.

Zumaia

Otsailak 6, 19:30. Kaldereroen desfilea, Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta.

Zestoa

Otsailak 9, 17:00. Zestoako Musika Eskolaren kaldereroen kalejira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide