Zumaiako Astindu taldea ikuskizun berria prestatzen ari da azken hilabeteotan, eta aurki aurkeztuko dute jendaurrean. Hain zuzen ere, bi emanaldi eskainiko ditu dantza taldeak urtarrilaren 24an herrian, Aitzuri pilotalekuan, eta horietarako sarrerak dagoeneko salgai daude entradium.com atarian eta Turismo Bulegoan. Dantza, antzerkia eta musika uztartzen dituen emanaldia da, eta dantza taldeko kideek aurreratu dutenez, 80ko hamarkadara bidaiatuko dute ikuskizunean zehar.
Emanaldiaren entsegu batean izan da Guka. Melanie Gonzalez Astinduko dantza irakasleak aitortu du urriaz geroztik ari direla emankizuna prestatzen. Lehenbizikoz aritu da Gonzalez irakasle, eta "sorpresa handia" jaso duela dio: "Oso ondo moldatu da taldea, gogo handia jarri dute; batez ere, orain, azken txanpan". Ikasleengandik ere ikasi duela azaldu du Gonzalezek, hip-hopa eta urbanoa izan baitira orain artean dantzatu dituen estiloak. Bi koreografia landu eta irakastearen ardura izan du hark, aurten jende gehiagoren artean banatu dituztelako egin beharrekoak eta koreografo gehiago aritu baitira lanean. 80ko hamarkada gaitzat hartu, eta koreografo bakoitzak aurkitu ditu abesti egokiak, horien gainean dantza egiteko gero.
Bi urtean behin egiten dute halako ikuskizun handia, Urrategi Egaña Astinduko kidearen esanetan. Entseguekin geroago hasi arren, uztail partean egiten dute ikuskizunean parte hartzeko deialdia: "Astinduk antolatzen du ikuskizuna, baina irekia da parte hartu nahi duen edonorentzat, baita Zumaiatik kanpo bizi direnentzat ere". Urtebete lehenago erabakitzen dute gaia, Astinduren urteko batzarrean, eta orduan aztertzen dute kolaboraziorik eskatu ala ez. Izan ere, Zumaiako Udal Musika Bandarekin, San Pedro abesbatzarekin nahiz Dardara musika kolektiboarekin batera egin izan dituzte ikuskizunak orain arte. Aurten musika beren kabuz jarrita egitea erabaki dute, baina esketxetan izango dute antzerkian aritzen direnen laguntza, Egañak azaldu duenez.
Dantza taldearen jardunaren zati handiena izaten da ikuskizuna eta prestaketa. Hala dio Egañak: "Hiru hilabetean ostiralero elkartzen gara. Aurten 80 pertsonak eman dugu izena; bata eta beste, 60k jarraitzen dugu. Dena den, jende asko da, eta entseguetan asistentzia nahikoa ez badago, eragina izaten du horrek beste gauza batzuetan. Lan pixka bat egin behar da".
Mari Bego Urkidik urteak daramatza Astindun. "Egundoko aterabidea" da harentzat dantza egitea, "bai mentala, bai fisikoa": "Jende desberdinarekin egoten naiz, koreografiak ikasi beharra izaten dut, ahazten ditut, atzera memorizatu, ateratzen dira, edo ez, jende helduarekin egoten naiz, gazteekin... Ikaragarri polita da bizitzen ari naizen mundu hau". Betidanik gustatu izan zaio dantza, baina euskal dantzei lotua egon da Urkidi batik bat. "Ama izan nintzen, eta mutilak koskortu ondoren euskal dantzetara apuntatu nintzen. Lehen emanaldietan oso gaizki pasatzen nuen, lasaigarriekin joaten nintzen, baina taldean egiten dugu, eta babes handia sumatzen dut", azaldu du.
Urkidiren hitzetan, beren garaiko musikak gazteak ez ditu erakarriko beharbada, baina jendeak emanaldiarekin gozatuko duela iruditzen zaio. Ikusleak minutu batzuez beren kezkez ahaztea eta horiek Astindurekin batera gozatzea polita litzateke haren ustez, eta lortuko dutela iruditzen zaio: "Lan asko egiten ari gara, baina giro politean eta Astinduren esentzian murgilduta". Izan ere, Astindu horretarako sortu zen, Urkidiren arabera: dantza egin nahi duten guztiek horretarako aukera izan dezaten. "Eguna iritsi eta dena emateko gogoz" dago Egaña, "gero guztia amaitzeak pena" emango dion arren. Gonzalezen ustez, "oso ondo" pasatuko dute ikustera joaten direnek.