Azaroaren 22a, Santa Zezilia eguna, urte osoan zehar musikariek egiten duten lanari keinu egiteko data berezia da, eta Zumaian ohitura bilakatu dira egun horren bueltako ospakizunak. Horren harira, Zumaiako Udal Musika Bandak eta Maria Zubimendi akordeoilariak kontzertu berezia eskainiko dute bihar. Joxe Mari Azkue (Zumaia, 1975) bandaren zuzendariak eta Maria Zubimendi (Zumaia, 1994) akordeoilariak emanaldiaren nondik norakoak azaldu dituzte.
Nola sortu zen kontzertu berezi hau antolatzeko ideia?
Joxe Mari Azkue: Aurten hamar urte betetzen ditut Zumaiako bandaren zuzendari gisa, eta bandako kideei galdetu nien ea gustatuko ote litzaiekeen orain arteko kontzertu bereziena berriro eskaintzea: 2021eko Zumaia Musika Jaialdikoa. Baietz esan zidaten, beraz, Mariarekin hitz egin nuen kontzertua berriz egiteko. Ez dugu erabat errepikatuko, pieza bat aldatu dugu, baina orokorrean harrera bikaina izan zuenez, berriro egitea ideia onena iruditu zitzaigun.
Zein da emanaldiaren helburu nagusia?
Maria Zubimendi: Helburu nagusia da Santa Zezilia eguna ospatzea eta musikarien lanari balioa ematea. Zumaian herriko musikariekin emanaldi bat eskaintzea oso modu ederra da biharko eguna ospatzeko. Gainera, Piazzollaren musika jotzea berezia da; akordeoilari askok maite dute hura, nahiz eta bera bandoneoi jotzailea izan, familia bereko instrumentua baita. Tangoak transmititzen dituen pasioa eta intimitatea direla eta, uste dut herriko jendeari ere bereziki gustatzen zaiola. Magia berezi bat du musika estilo horrek, eta horrek egiten du egokia Santa Zezilia bezalako egun baterako.
Zein obra izango dira nabarmenenak, eta zergatik aukeratu dituzue?
J.M.A.: Programa osoa Astor Piazzollaren piezek osatzen dute. Aldaketa bakarra María de Buenos Aires obrakoa da. Oso programa interesgarria da; tangoa entzuteko erraza da, baina jotzeko konplexua, eta horrek emaitza bereziak ematen ditu. Mariarekin hitz egin nuenean, bi segundo ere ez zituen behar izan baiezkoa emateko.
M.Z.: Piazzolla tangoaren tradizioa kontzertu musikara eraman zuen konpositorea da. Tangoaren izaera mantentzen du, baina dimentsio musikal konplexuagoa gehituz. Bi mundu horiek uztartzen ditu, eta hori da bere musikaren berezitasuna.
Zein piezak eskatzen dute lan handiena?
J.M.A.: Bandarentzat erronka handiena María de Buenos Aires izan da. Bederatzi minutuko pieza bada ere, oso mugimendu ezberdinak ditu: tangoa eta baladak, besteak beste. Eta guk bandara egokitutako bertsio bat egin dugu, Maria bakarlaria izanik, bi aldeei garrantzia emateko.
M.Z.: Nik ere pieza hori nabarmenduko nuke, baina baita Estaciones Porteñas zikloko Primavera Porteña eta Invierno Porteño ere. Orokorrean, kontzertu osoa da erronka: talde handi baten aurrean bakarlari moduan, oreka eta dinamika zaindu behar dira. Pieza bakoitzak bere zailtasunak ditu.
J.M.A.: Kontuan hartu behar da bakarlariarekin azken bi egunetan bakarrik elkartzen garela, eta bandako askok ez dakitela nola entzungo den guztia elkartzen garen arte. Lehen entsegua biziki interesgarria izaten da.
Joxe Mari, zein izan da zure erronka nagusia kontzertu berezi honetan?
J.M.A.: Oso gustura nago egindako lanarekin. Nahiz eta duela lauzpabost urteko kontzertua errepikatu, ez gara berdinak, eta piezak ere beste begi batzuekin ikusten ditugu; hori da harrigarriena. Denborak perspektiba berri bat ematen du.
Maria, nola prestatu zara eta zer garrantzi du akordeoiak kontzertuan?
M.Z.: Piazzollaren musikan akordeoiak garrantzi handia du, nahiz eta klasikoan tradizio laburragoa izan. Azken hamarkadetan instrumentuak hainbat adar garatu ditu: musika klasikoa, garaikidea, tradizionala... Piazzollaren obrek lan handia eskatzen dute: artikulazioak, azentuak, pikatuak, dinamika kontrasteak... Sekzio melodikoetan lirismoa bilatu behar da, eta, aldi berean, indarra eman. Hor dago erronka handiena.
Zer esan nahi du zuentzat Santa Zezilia ospatzeak eta herriko kontzertuan parte hartzeak?
J.M.A.: Kointzidentzia polita da nire urtebetetze eguna ere izatea. Urtero eszenatokian harrapatzen nau, eta oso berezia egiten zait. Kontzertu hau urtean zehar egindako lana ospatzeko modua da; gustura egiten dugunaren erakusleihoa.
M.Z.: Sektore bakoitzak bere eguna du, eta gurea ere ospatzea polita da. Gure ogibidea eta pasioa herriarekin partekatzea, oholtza gainean, oso berezia da.
J.M.A.: Beste askok beren egunean jai egiten dute; guk, aldiz, elkartu eta onena eman ohi dugu. Zortea da hori.
Zer espero duzue bertaratzen direnengandik?
J.M.A.: Zalantzarik gabe, goi mailako akordeoilaria dugu etxean. Normalean musika garaikidean aritzen da, eta lan handia egiten du errepertorio berriak sortzen. Oraingoan, gainera, bereziki gustuko duen konpositorearekin arituko da. Oso aukera ona izango da.
M.Z.: Tango hau ez da dantzarakoa, entzutekoa da. Niri bezalaxe, espero dut bertaratzen direnen bihotza ere ukitzea.
Zer mezu transmititu nahi diezue musikazaleei?
M.Z.: Musikaren sektorean lanean ari garen guztiei zorionak eman nahiko nizkieke; denok arraunean goaz ontzi berean. Kultura eta musika sarritan azken tokian uzten dira, baina gizartea eraldatzeko tresna indartsuak dira. Balioa eman behar zaie.
J.M.A.: Prekaritatea sektore askotan dago, baina musikaren arlokoa bereziki nabarmena da, batez ere zikloetatik kanpo lan egiten dutenentzat. Ez dut imajinatzen mundua musika gabe; musika egiten dutenak zaindu egin behar dira. Ea noiz ateratzen garen prekaritate horretatik.