Urriko ohiko udalbatzarra izan zen atzo, eta hilero bezala, zenbait gairen inguruan eztabaidatu eta erabakiak hartu zituzten Zumaiako Udala osatzen duten udal taldeek. Marianton parkearen inguruko kreditu aldaketa izan zen horietako bat.
Iñaki Ostolaza alkateak azaldu zuen hasieran aurreikusitakoa baino handiagoa dela proiektuaren aurrekontua, eta lanak urtea amaitu aurretik lizitatu ahal izateko, "ezinbestekoa" dela diru partida egokitzea. Guztira, 1.060.000 eurokoa da kreditu aldaketa.
Konpromisozko kreditu aldaketa dela ere zehaztu zuten Udal Gobernuko kideek: proiektua epe egokian garatu ahal izateko, 2026eko aurrekontuetan partida hori sartzeko konpromisoa hartuko dutela, alegia. EH Bilduko eta PSE-EEko aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin egin du aurrera neurriak. Jeltzaleek abstentzioaren arrazoiak eman nahi izan zituzten segidan.
Xabier Odriozolak hartu zuen hitza jeltzaleen udal taldearen izenean, eta azaldu zuen ados daudela, oro har, Marianton parkea hobetzearekin, "guztiz hondatuta" dagoelako. Dena den, 1.060.000 euroak Zumaiako jolas parke guztien artean era orekatu batean banatzearen aldekoak dira, Odriozolaren esanetan. Diru hori guztia parke batean gastatzea "astakeria bat" dela esan zuen hark.
Patxita Etxezarretako parkearen kasua aipatu zuen Odriozolak: "Egin den azken jolas parkea da, eta lanek 36.000 euroko kostua izan zuten 2023an. Beraz, 1.060.000 eurotatik beste parke batzuetara inbertitzeko dirua atera beharko litzatekeela uste dugu".
Haurren kontseiluarekin laguntzaz diseinaturiko parkea da Mariantongoa, eta ideia horiek beste parke batzuetara bideratzea litzateke egokiena jeltzaleen ustez.
Komentuaren kaperarentzat ere bai
Ez zen kreditu aldaketa bakarra izan Mariantongoa. Komentuko lan nagusiak amaitu badira ere, kapera egokitzeko obretan ari dira, eta horiei jarraipena emateko, 400.000 euroko kreditu aldaketa ere onartu zuten atzoko plenoan.