Sexu harremanez kantuan

Juan Luis Romatet-Gorka Eizagirre 2025ko urr. 14a, 08:50

Eros eta Afroditaren aitortzak musikala aurkeztuko dute urriaren 24an Aita Mari aretoan. Andoni Mutiloa eta Esti Curiel dira antzezlaneko protagonistak.

Josu, aulki gainean eseri baino, bota egin da, eta, zuzenean jotako piano doinuak lagun dituela, abesteari ekin dio. Sexu harremanak ditu hizpide kantuan, baita haiei lotutako gaixotasunak ere. Haren atzean dabil Eneritz, errezitaldiekin puntua jarriz abestiari. Andoni Mutiloa eta Esti Curiel dira, urriaren 24an Zumaiako Aita Mari aretoan aurkeztuko duten Eros eta Afroditaren aitortzak antzezlan musikaleko aktoreak. Miren Gojenola da obraren zuzendaria, eta Iñaki Santos arituko da zuzeneko musika jartzen. Pasa den astean aritu ziren Aita Marin bertan entseatzen, eta datorren astean, estreinaldiaren aurretik, azken ukituak emango dizkiote antzezlanari, aretoan bertan.

Sexu aniztasuna da antzezlanaren gai nagusia, baina sekretuez, gizarteko arauez, fideltasunaz, bikote monogamoen bilakaeraz, desiraz, frustrazioaz edota konpromisoaz ere jarduten du. Baita hain ezagunak ez diren kontzeptuez ere; PrEPaz, chemsexaz edo sexu transmisiozko infekzioen gorakadaz ere, esaterako. Hori guztia, musikalen osagaiak diren abestiez jantzita. 

Andoni Mutiloa da antzezlanaren egilea, eta haren esanetan, ideia batetik sortu zen muina. "Zeri buruz hitz egin nahi genuen pentsatu nuen, eta hortik pixkanaka istorio bat atera zen, bi pertsonaia nagusi dituena, Eneritz eta Josu". Hasierako ideia hura gorpuzten joan zen, baita eszena desberdinak forma hartzen ere. "Lantaldea osatu genuen, entseatzen hasi ginen, inprobisatzen, eszenak definitzen, eta horrekin batera, kantuak sortzeari ekin genion. Azkenean, musikal bat da; antzerkitik pixka bat du, dantzatik ere bai, eta abestiak ere espresuki sortu ditugu lan honetarako", argitu du. 

Musikala genero arin gisa ikusi izan da, gai sakonak saihestu izan dituena. Dena den, ez da Zumaian ikusi ahal izango den lanaren kasua. Musikalen zalea dela dio Mutiloak, baita haiekiko oso kritikoa ere. "Musikalak maite ditut, baina istorioei dagokienez, askotan iruditzen zait oso sinpleak direla, batzuetan sinpleegiak, oso azalekoak" dio. Horri buelta eman nahi izan dio: "Gure sekretuetan jarri dugu fokua, hain modu errazean partekatzen ez dugun gure alderik intimoenean, askotan gure lagunei eta bikotekideei kontatzen ez dizkiegun gauzetan". 

Eros eta Afroditaren aitortzak lanarekin badute publikoa entretenitzeko asmoa, eta komedia uneak ere ez dira faltako. "Ikusleek momentu on bat pasa dezaten da asmoa, baina, aldi berean, zer pentsatua ere eman nahi diegu". Haren ustetan, antzezlanak zer pentsatua emango die ikusleei, "eta batzuei azkurea ere eragingo die", azaldu du.

Debuta musikaletan

Esti Curiel aktore zumaiarrak ondo ezagutzen du eszena, makina bat proiektutan aritua da, baina honakoa izango du bere lehen musikala. "Duela urtebete inguru Andonik deitu zidan, musikal hau egin behar zutela esanez. Gaia zein zen ere esan zidan, eta iruditu zitzaidan erronka bat zela niretzako musikal batean aritzea", dio. Aurretik antzezlan batzuetan abestu izan badu ere, "hau benetako musikala" dela azpimarratu du. 

Antzezlanak jorratzen duen gaiarekin, printzipioz, erabat eroso ez zela sentitzen onartu du zumaiarrak. "Sexu aniztasuna, sexua... Ni banaiz pixka bat lotsatia, eta agian ni bakarrik ez nintzateke gai hauetan sartuko. Baina, Andoniren konpainian, eta bere esperientzian oinarrituta, sartu egin nintzen".

Bere buruaz barre egiten dakien pertsona da Curiel, eta kasu honetan musikarako duen gaitasunaz iseka egin du. "Ezagutzen nautenek badakite erritmoa eta ni ez garela lagun onenak. Hori Andoniri lehen egunetik abisatu nion", dio irribarre batekin. "Baina, azkenean gustua hartzen diozu, eta gozatzen hasten zara, inprobisatzen edo espresibitatea ematen. Ederra ere bada". 

Sarrerak, bihartik aurrera

Emanaldirako sarrerak bihartik izango dira salgai turismo bulegoan eta sarrerakzumaia.eus webgunean, 8,5 euroan –gazte txartelarekin merkeago–.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide