Israelgo estatu genozida suntsitu! idatzita zuen pankartaren atzean ehunka pertsona batu ziren atzo. 19:00etan abiatu zen Zumaiako Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa Beheko Plazatik, eta bandera palestinarrak haizatuz zeharkatu zuen herria, oihu bateratu batek Israelen kontrako boikotera deitu zuen bitartean.
Urola ibaiaren bokalean, duela astebete Israelgo armadak Gazako kostatik gertu atxiki zuen Global Summud Flotillaren espedizioa irudikatu zuten hainbat ontzirekin. Manifestazioak Amaia plaza inguratu zuen, eta Saregile plazara iritsi zenean, Israeleko bandera erre zuen ekintzaile talde batek.
Ibaitik itsasora libre behar duen Palestinaren aldeko mobilizazioarekin bat egin zuen jendetzaren aurrean, Mugimendu Feministako kideek salatu zuten Israel gauzatzen ari den genozidioa "kolonialismoaren eta harreman kolonialen isla argia" dela: "Ikusi besterik ez dago mendebaldeko herrialdeek Israel babesteko duten interesa; armak bidali, entrenamendu militarrak egin, segurtasun sistemak eta mugen kontrola areagotzeko proiektuak finantzatu, Nazio Batuen Erakundeko bozketetan babesa, kirol proba internazionaletan Isreal babestu eta lekua eman... Eta, nola ez, feminismoa eta LGTBI+ komunitatearen eskubideak, Israelen aldeko gezurrak zabaltzeko erabili".
Hori dela eta, Israelen aurkako "posizio argia" agertzeko dei egin zieten herritarrei. "Europako herrialdeetatik, zuri bezala, dugun erantzukizuna salatu behar dugu", adierazi zuten.