Flysch Trail lasterketak emandakoa, bideoan

Mireia Galarza Bastida eta Usua Garin 2025eko urriaren 5a

Nerea Urteaga eta Ruben Ruzafa izan dira proba luzeko azkarrenak. Proba motzean, berriz, Mikel Goikoetxea eta Jule Olaizola izan dira lehenak helmugaratzen. 

Urteroko hitzordu berezia jokatu dute gaurkoan herrian. Flysch Trail lasterketa izan da, hain zuzen ere, hamaseigarrenez, eta eguraldia makurra izan bada ere, korrikalari nahiz ikusleek ez dute hutsik egin gaurkoan ere. 

24 kilometroko proba luzean, beste behin ere, Ruben Ruzafa izan da azkarrena. 09:30ean abiatu dira Eusebio Gurrutxaga plazatik, eta leku berean amaitu du Ruzafak proba ordu bat, 49 minutu eta 59 segundura. Gaurkoarekin, hirugarren garaipena du Ruzafak Flysch Trail proban. Bigarrena eta hirugarren izan dira Nicolas Tabarant eta Beñat Ibañez. Emakumezkoen kasuan, Nerea Urteaga etxeko korrikalaria izan da bizkorrena, helmugan 2 ordu, 12 minutu eta 30 segundura sailkatuta. Bigarren sailkatu da Ania Hernandez gasteiztarra, eta hirugarren Elorrioko Jone Zenitagoia.

Proba motzari dagokionez, Mikel Goikoetxea mutrikuarra izan da lehenengoa helmugaratzen, 01:01:54 denborarekin. Bigarrena, aldiz, iazko irabazle Mikel Gurrutxaga izan da, eta hirugarren iritsi da Beñat Ibañez bidaniarra. Emakumezkoetan, aldiz, Jule Olaizola eta Garazi Artola zumaiarrak izan dira azkarrenak. Hirugarren, Aizarnazabalgo Laia Zumeta helmugaratu da.

Gukak irabazleen adierazpenak bildu ditu. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide