Lehiaketetarako prestatzen, baina igerian ondo pasatuz

Juan Luis Romatet-Urtzi Oteiza 2025ko ira. 24a, 09:47

Zumaiako Taosa igeriketa taldeak ekin dio denboraldi berriari. 55 haur hasi dira klubarekin prestatzen, eta Lubakiko igerilekuan egingo dituzte entrenamenduak. 

Plisti-plasta dabiltza haur txikiak uretan jolasean, Zumaiako Lubaki kiroldegiko igerileku txikian, gurasoak adi-adi dituztela. Igerileku handian, berriz, gaztetxoek sei kaleak hartu dituzte, eta lehorretik entrenatzaileak emandako aginduak jarraituz, luze bat bestearen atzetik egiten dihardute. 

Duela bi aste ekin zion Taosa igeriketa taldeak denboraldi berriari, "55 bat gazterekin", Jon Unanuek (Zarautz, 1981) adierazi duenez. Zortzi urte daramatza Taosa taldeko gazteak entrenatzen, eta Zumaia bezalako herri baterako kopuru polita dela uste du. "Beste klub batzuek haur gehiago dituzte, baina haien herrietan haur gehiago daudelako", azaldu du.

Arratsaldeetan izaten dituzte entrenamendu saioak Lubaki kiroldegiko igerilekuan. "7 eta 8 urteko gaztetxoekin hasten gara, eta junior mailako (17 urte) gazteekin amaitzen dugu", dio. Orokorrean gazteekin aritzen badira ere, adin nagusikoren batek klubarekin entrenatu nahiko balu, ateak irekita izango lituzketela adierazi du zarauztarrak.

Igerian aritzeko gaitasun berezirik ez dela behar dio Unanuek. "Umetan, bi edo lau luze egiteko gai bazara, igeriketan has zaitezke, eta pixkanaka aurrera egingo duzu". Hasiera batean, txikienekin, gehienbat teknika lantzen dutela azaldu du. "Igeriketan lau estilo daude, eta pixkanaka lau estilo horiek landuko dituzte", gaineratu du. 

Txapelketara bideratuz

Denek aipatu lau estiloak lantzen dituztela nabarmendu du: estilo librea, bular igeriketa, bizkar estiloa eta tximeleta estiloa. Unanueren esanetan, txapelketetan proba denetan parte hartzen saiatzen dira. "Adinean aurrera doazen heinean, ikusiko dute estilo batean besteetan baino hobeak direla, eta bakoitzak bere probak aukeratuko ditu". 

Izan ere, entrenamendu horien guztien helburua bada igerilariak lehiaketetarako prestatzea. Taldekide ia guztiak lehiatzen direla dio entrenatzaileak. "Gustatuko litzaidake denak joatea txapelketaren batera; derrigorrezkoa izatea, alegia. Taldeko %85 edo %90 joaten dira txapelketetara. Beste gutxi batzuk entrenatzera soilik etortzen dira".  

Egindako lanak eman ditu fruituak, eta azken urteotan dominak eskuratu dituzte Taosako igerilariek jokatutako txapelketetan. Horrek pozez betetzen du Unanue. "Zortzigarren denboraldia dut entrenatzaile bezala, eta ikusi dut taldea hazten doala; ez, agian, kantitate aldetik, bai, ordea, kalitateari dagokionez". Gogoan du Gipuzkoako txapelketetan hasi zirela Zumaiakoak dominak lortzen, baita Euskadikoetan ere. "Gutxi batzuek lortu dute Espainiako Txapelketara joatea ere. Talde txikia izanagatik, emaitza politak lortu ditugu". 

Etorkizunera begira, helburua "koskak igotzen joatea" dela dio Unanuek. ​​​​​​"Urtetik urtera norberak dituen markak hobetzea nahiko genuke, bereziki txapelketetara joaten diren igerilarien kasuan, eta, batez ere, denak gustura ibiltzea txapelketetan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide