Irailero egin ohi duten gisan, zumaiarrek Olagarro Eguna ospatu dute gaur, irailak 20. Goiz eta eguerdi aldean eguraldia aparta izan da, eta herritarrak zein bisitariak jan-edanerako gogoz eta festa gosez atera dira kalera. Olagarro pintxoen bueltan elkartu dira gehienak, baina batel estropadek eta haurrentzako eskulanek ere piztu dute ikusmina. Dantzara animatu denik ere izan da.
Zumaiako zenbait taldek eta elkartek postuak jarri dituzte herriko hainbat txokotan; horietako bitan, olagarro brotxetak eman dituzte; besteetan, aldiz, aurten berrikuntza izan zen olagarro patatak. Izan ere, olagarro zopa egiteko osagaia den olagarro lehorrik ez du eskuratu ahal izan udalak, eta haren ordez olagarroarekin prestatutako gisatua eskaini dute. Harrera ederra egin diete herritarrek, jateko guzti-guztia amaitu baita.
Eusebio Gurrutxaga plazan, berriz, azoka egin dute, eta saregileen lana ezagutzeko aukera izan da. Bien bitartean, Argazki Rallyko parte hartzaileak festaren unerik ederrenak harrapatzen ibili dira, kamerak eskuan.
Azken orduetarako ekaitza iragarrita dagoen arren, festan murgilduta borobilduko dute eguna zumaiarrek.