Euskal jaia da gaur, abuztuak 8. Eguraldia lagun, goizean goiz zabaldu dute Alde Zaharrean artisau azoka. Barazkiak, ogia, zapatak, egurrez eginiko haurrentzako jostailuak nahiz baserritarren arropak izan dira salgai han. Anjel Mari Peñagarikano eta Sebastian Lizaso udaletxean balkoitik balkoira bertsotan aritu dira, eta bero sapa egin arren, jendetza elkartu da inguruan.
Lehenbizikoz, gainera, kantujira izan da Euskal Jai egunean, Larraina euskara taldeak eta Korokoiak taldeak elkarlanean antolatuta. Zenbait instrumentu atera dituzte kalera, eta poteatu bitartean, kantuan aritu dira kalez kale.
Herri bazkariaren ondotik, hainbat ekitaldi izango da arratsalde partean ere: haurrentzako dantzaldia, erromeria eta sagardo dastatzea, besteak beste.
Hona hemen arratsaldeko egitaraua:
- 18:00. Amaia plazan, Joxe Mendizabalekin haurrentzat dantzaldia.
- 18:00. Odietan, Erkibe kultur elkartearen eskutik taloak.
- 18:30. Eusebio Gurrutxaga plazan, Olgetan erromeria eta Incansables txarangaren kalejira.
- 19:00. Sagardo dastatzea.
- 22:30. Amaia plazan, Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia.