Errioan bainatzea debekatu zuten joan zen astearen hasieran. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak Urola ibaiaren itsasadarrean egindako analisiek ondorioztatu zuten uraren kalitateak ez zela bainurako egokia, eta, beraz, jarduera hori debekatzea gomendatu zuen. Hurrengo lagina datorren igandean, hilaren 27an, hartuko zuela ere iragarri zuen erakunde horrek ohar baten bidez.
Guka Osasun Sailarekin kontaktuan jarri da kutsaduraren inguruko azalpenak jasotzeko, zer kutsadura mota den eta zerk eragiten duen jakiteko zehazki, baina gaur-gaurkoz ez du erantzunik jaso. Udalarekin ere harremanetan jarri da Guka, eta erakunde horrek adierazi du Osasun Sailaren gomendioak jaso bezain laster helaraziko dizkiela herritarrei. Horrekin batera, udalak adierazi du instituzio desberdinekin harremanetan jarraitzen dutela, "Oikiako saneamendua egin dezaten".
Azken urteotan errepikatu den arazoa da itsasadarreko kutsadurarena. Ekainean bertan bainua debekatu zuten errioan, eta iaz, ibaian e-coli bakteria aurkitu zutelako, Itzurun-Arranpla igeriketa zeharkaldia bertan behera utzi zuten proba ospatzeko egun gutxiren faltan.
Hori guztia dela eta, herritarren iritzia jaso nahi izan du aste honen hasieran Gukak. Honako bideo honetan ikus daitezke zumaiarren erantzunak.