Noiz hasi zinen arraunean?
11-12 urterekin. LH6an eskola kirola amaitu genuenean, inguruko guztiek futbola edo saskibaloia egiten zuten, eta nik ez nekien zer aukeratu. Lagun batek esan zidan arraunean hasiko zela zerbait desberdina egin nahi zuelako, Azpeititik atera eta jende berria ezagutu, eta probatzea erabaki nuen. Ordutik hemen nabil.
Barrualdekoa izanda, arraroa dirudi arraunean hastea, ezta?
Normalean kostako jende gehiago gerturatzen da arraun egitera itsasoko kirol bat delako, baina gure taldean barrualdeko jende asko gaude, eta gogoan dut infantiletan hasi nintzenean ere Azkoiti eta Azpeiti aldeko jende asko zegoela, eta ez nuela halakorik espero neuk ere.
Urte asko daramazu arraunean. Zerk erakartzen zaitu?
Taldeko kirola delako. Kirola denez txikitatik lehiatzen zara, baina bateletan lagun giroan hasten zara. Gero, trainerura iritsitakoan jakiten da benetan zer den arrauna. 16 urterekin probatu nuen aurreneko aldiz. Garai hartan zalantzan nenbilen, ez nekien arraunean jarraitu ala ez, eta taldeko helduagoek esaten zidaten jarraitzeko, eta etxekoek ere esaten zidaten traineruan urtebete probatzeko eta gero erabakitzeko. Lau urte igaro dira ordutik. Erakartzen nau taldeko kirola delako eta itsasoak asko lotzen duelako.
Arraunlari hasi zinen eta gero pasatu zinen patroi lanetara, ala hasieratik zabiltza patroi lanean?
Uste dut aurreneko entrenamendua bakarrik egin nuela arraunean. Neska asko ginen, hogei edo, eta hurrengo entrenamenduan patroi lanetan jarri ninduen entrenatzaileak. Hori izan da nire lekua.
Gustatu zitzaizulako, ala patroia behar zelako?
Patroia behar zelako eta DBHn, 12 urterekin, neska txikia nintzelako artean. Altueragatik izan zen, eta inork ez zuelako nahi.
Gogoan duzu traineruarekin egindako aurreneko estropada?
Uste dut aurrenekoa Oriaren Jaitsiera izan zela. Ziabogarik eta ez zegoen han. Gero, Gipuzkoako Txapelketa etorri zen, eta urtero akordatzen naiz orduan izan zela nire debuta, nolabait esatearren, duela lauzpabost urte, eta oroitzapen oso ona daukat.
Erraza egiten al zaizu arraunlariak eta trainerua gidatzea?
Batzuetan bai, besteetan ez. Jendeak esaten du arrauna gogorra dela, eta nik esaten badiet patroia naizela, batzuek barre egiten didate, hori erraza dela esanez. Beste batzuk konturatzen dira patroi izatea zer sakrifizio den. Ez da lan erraza, baina taldea pixkanaka ezagutzen ari naiz, esperientzia ere badaukat, eta saiatzen naiz egunez egun gauzak ikasten eta hobetzen.
Arraunerako errioa ala itsasoa nahiago?
Errioa errazagoa dela esaten dute, itsasoan gauza asko eduki behar direlako kontuan, baina guk, talde bezala, orain arte nahiago izan ditugu itsasoko estropadak, horietan ateratzen dugulako gure onena.
Zumaia iaz igo zen Euskotren ligara. Biharko gogotsu?
Kristoren gogoarekin gaude biharko Bilboko estropada iristeko. Ekaina luze egin zaigu, baita azken aste hau ere. Urduri ere bagaude behingoz hasi nahi dugulako, baina entrenamenduetan gure onena ematen ari gara.
Denboraldia nolakoa izango dela uste duzu?
Gogorra. ETE ligan ere eduki izan ditugu bi estropadatako asteburuak, baina orain asteburuero izango da horrela. Bestetik, uste dut liga polita izango dela eta, gogorra izan arren eta sufritu arren, espero dut asteburuero gure onena emango dugula eta gustura geldituko garela egingo dugun lanarekin.