Euskal Ligara igotzea lortu zuen atzo Zumaiakok, Alegria taldeari 0-10 irabazi ostean. Etxetik kanpo jokatu zuten Zumaiako taldeko neskek, eta aise irabazi zuten partida. Garaikurra eta igoeraz gain, baina, Zumaiara heldu berritan beste opari bat jaso zuten futbolariek.
Izan ere, 18:30 aldera hainbat eta hainbat zaletu pilatu ziren Eusebio Gurrutxaga plazan, futbolariei ongietorria egiteko asmoz. Futbol taldekoak iritsi zirenean oihu eta txalo artean jaso zituzten, eta denak elkarrekin joan ziren Kofradia aldera. Erribera kaletik barrena iritsi ziren leku horretara, eta bertan, beste horrenbeste zaletuk itxaron zieten. Behin balkoira igo zirenean, futbolariak banan-banan aurkeztu zituzten herritarren txalopean, bertsoak ere abestu zizkieten, eta momentu eder bezain hunkigarriak bizi izan zituzten bertan.
Horietako bat izan zen Jule Gorostolaren hitzartzea. Izan ere, zumaiarrak taldeko futbolari izateari utziko dio aurten, Ane Osarekin batera –azken horrek ezin izan zuen atzoko hitzorduan Zumaian egon, baina bai bideodei bitartez–. Gorostolak, Osa eta bien izenean, esker oneko hitzak eskaini zizkien etxekoei, taldekideei eta Zumaiakoko zuzendaritza taldeari. "Plazer bat izan da etapa hau jokatzen amaitzea, eta gainera disfrutatzen". Aitor Manterola Kirol zinegotziak taldea zoriondu zuen udalaren aldetik, eta beste pertsona bat ere izan zuen gogoan: "Hau kate bat da, ez da gaur goizean sortutako zerbait, eta hor bada aipatu behar den norbait: Eva Romatet. Bera izan zen orain ikusten ari garenaren sortzaileetako eta bultzatzaileetako bat, eta izugarri gustatuko litzaioke hau bizitzea".
Amaieran, taldeak partidak hasi aurretik egiten duen oihua errepikatu zuen, eta denek elkarrekin jarraitu zuten ospakizunarekin.