Kofradiako banderaren igoerak eman zion atzo gauerdian hasiera San Telmo egunari. Goiza esnatzearekin batera, batzuk oraindik ere oheratu gabe zeuden bitartean, beste batzuk San Pedro Parroki papera bertaratu dira festetako ohiturazko ekitaldian parte hartzeko asmoz, San Telmo eguneko prozesioan, hain zuzen ere.
Parrokiatik aterata, Zumaiako Musika Bandak jotako musikak lagunduta, herritarrak eta udal agintariak San Telmo kalean barrena igo dira santuaren irudiarekin, haren izen bereko ermitaraino. Han, labarren gainean eraikitako ermitan egin dute meza nagusia.
Gora igo bai, baina mezatarako geratu ez direnek hamaiketakoa izan dute San Telmo kalean bertan, Itxas Gain eta Aita Mari elkarteetan.
Festek arratsaldean jarraituko dute. 17:00etan bi batel uretaratuko ditu Beduola elkarteak, Arranplazan. Ordubete beranduago, 18:00etan, plaza dantzak izango dituzte Kofradiako plazatxoan, eta 19:00etan Jai Alai Masterreko finalak jokatuko dituzte Aitzuri pilotalekuan. Arratsaldean, baita ere, haurrentzako puzgarriak izango dira Odietan.