Zumaiena ikastetxeko Baso magikorako bisitak antolatu dituzte aurten ere. Bertan, familiek euskal mitologiako hainbat pertsonaiekin egin dute topo: Olentzero eta Maridomingi, Gomezago edota sorginekin, esaterako. Istorioak eta kontakizunak entzun ahal izan dituzte Gabonen bueltan antolatutako ekintzan parte hartu duten familiek.
Atzo arratsaldez egin zituzten lehen bisitak, tamalez, euripean. Eguraldia aproposena ez bazen ere, izena emandako haurrek eta helduek ez zuten aukera galdu nahi izan. Gaur arratsaldez egingo dute bisitetako bigarren txanda, 17:00etatik 20:00etara bitartean. Txartelak astean zehar saldu dituzte ikastetxean bertan.