Iñaki Aristi: "Zumaiak arraunean zuen izen ona berreskuratu nahi dugu"

Juan Luis Romatet | Urtzi Oteiza 2024ko urr. 10a, 11:00

Iñaki Aristi da Telmo Deun arraun elkarteko presidentea. Pasa den denboraldiaz eta etorkizunera begira dituzten helburuez hitz egin du Aristik elkarrizketa honetan.

Uretan lortutako emaitzengatik baino, akats batengatik izan da Zumaiako gizonen trainerua hizpide duela hilabete amaitutako arraun denboraldian. Izan ere, Telmo Deun ontzia Eusko Label ligarako sailkatze estropadarako apuntatu ez izanak lurriraka sortu zuen Zumaiako arraun elkartean. Arraunlariek hala eskatuta, orduko zuzendaritzak dimisioa eman zuen behin denboraldia amaituta, eta pasa den astetik zazpi laguneko talde batek hartu du elkartearen gidaritza, Iñaki Aristi (Zumaia, 1994) presidente duela. 

Gertatutakoa inorentzako ez dela ederra izan iritzi dio Aristik. "Emaitza onak lortzen ari ginen, eta Zumaiaren izena egindako akats batengatik entzuten zen. Denbora osoan akats horrengatik ari ziren, eta gu, neskak zein mutilak, lan ona egiten ari ginen. Horrek azkenean asko zikindu du Zumaiaren izena. Zumaia arraun munduan izan da eta bada, eta hori ere errespetatu beharra dago. Gure helburua Zumaiak arraunean zuen izena bere onera ekartzea izango da, eta herrian ilusioa sortzea", dio presidente berriak. 

"Urtetik urtera gero eta emaitza hobeak lortzen ari ginen. Azken bizpahiru urteetan dezenteko saltoak ematen joan ginen. Espero genuen lehenengo txandan aritzea eta borroka horretan sartzea, urteetako joera ikusita; baina hain goian ibiltzea ez"

Aristi jakitun da akats horrek estali egin duela Zumaiako ontziak egindako lana: gizonek bigarren egin zuten KAE1 ligan, eta bandera bat ere irabazi zuten, Hondarribian; emakumeak, berriz, Euskotren ligara itzuli dira. Gizonek egindako lanaren lekuko izan da Aristi traineruaren barrutik: "Urtetik urtera gero eta emaitza hobeak lortzen ari ginen. Azken bizpahiru urteetan dezenteko saltoak ematen joan ginen. Espero genuen lehenengo txandan aritzea eta borroka horretan sartzea, urteetako joera ikusita; baina hain goian ibiltzea ez".

Arraunlariek bazekiten denboraldi hasierarako orduko zuzendaritzak ez zuela haien izena eman igoerako play off-erako. "Min handia egin zigun horrek. Maiatzaren bukaera aldera jakin genuen, eta guretzako kolpe handia izan zen. Zalantzak izan genituen zer egin: denboraldia bertan behera utzi eta trainerua abandonatu, edo gure aurpegi onena eman eta aho batzuk isiltzen saiatu. Bigarren aukeraren alde egin genuen. Hasieratik emaitzak etorri ziren, eta goian ibili ginen. Pozgarria izan zen hori, baina, pena ere sentitu genuen, ez genuen-eta lehiatu mailaz igotzeko aukerak izateko".

Talde giro ona 

Egoera zailetan ere taldeak izan zuen harreman estua goraipatu du Aristik. "Uste dut talde honen gakoa hori izan dela, talde giro oso ona egon dela. Eta une zailetan gehiago demostratu dugu hori, bestela ez zuen-eta mereziko egindako lanak. Azkenean, egoera honek gehiago batu gaitu".

Traineru denboraldia amaitzear zela, arraunlariek ozen hitz egin zuten: orduko zuzendaritzak kargua uzten ez bazuen, datorren arraun denboraldian ez zen gizonen trainerurik izango Zumaian. Egindako mehatxua betetzeko gai ote ziren galdetuta, argi hitz egin du Aristik. "Garbi nuen zuzendaritza hark jarraitzen bazuen, nik ez nuela segituko. Eta nik bezala, beste hainbat arraunlarik ere ez. Ez dugu talde handia, eta lau, bost edo sei arraunlarik utziko balute, Zumaian mutilen trainerurik ez zen izango".  

"Ikusten dugu atzetik laguntzeko prest jende asko dagoela, eta horrek lasaitasuna ematen digu. Laguntza behar badugu, eskatuko dugu"

Egoera horretan, zuzendaritzarako hautagaitza prestatzen hasi ziren arraunlariak. "Lehengo urtetik ari ginen ideia horri bueltaka. Orduan saiatu ginen gauzak mugitzen, baina ez genuen lortu. Aurten ere ez da erraza izan: dei asko egin ditugu eta ezezko asko jaso ditugu". Zuzendaritza osatzeko akaso ez, baina laguntzeko prest jende ugari dagoela jakitun dira taldeko kideak. "Ikusten dugu atzetik laguntzeko prest jende asko dagoela, eta horrek lasaitasuna ematen digu. Laguntza behar badugu, eskatuko dugu". 

Elkarteko bazkideen babesa ere jaso du zuzendaritza berriak. "Bazkideak erreta ikusten genituen, nazkatuta, eta haiek ere aldaketa bat eskatzen zuten. Aurkeztu ginenean, ikusi genuen begi onez hartu gintuztela".

Etorkizunera begira, arraunarekiko ilusioa piztu nahi dute herrian. "Ilusio hori pizten badugu, atzetik etorriko da beste guztia. Ikusten dugu jendea pozten dela lortzen ditugun emaitzez. Agian behar duguna da denboraldi hasierarako bandera gorriak ikustea balkoietan, jendeak kamisetak erosi ahal izatea –orain arte ez da egon aukerarik erosteko–. Herrian gorri gehiago ikusi nahi dugu", azaldu du presidenteak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide