Zaleak, Telmo Deunek eskuratutako ametsarekin bat

Urtzi Oteiza eta Onintza Lete Arrieta 2024ko ira. 15a, 21:57

Hamar urte eta gero, Euskotren ligara itzuliko dira Telmo Deuneko neskak, eta gaur arratsaldean merezitako harrera egin diete herritarrek eta udal agintariek. Harreraren aurretik, Gukaren galderei erantzun diete Kike Manterola entrenatzaileak eta Aintzane Urbieta, Jule Egiguren eta Mirian Garagartza arraunlariek.

Azken urteetako ametsa gaur bete du Telmo Deunen nesken traineruak: Euskotren ligan aritzeko txartela lortu du taldeak eguerdian Portugaleten jokatutako play-offean. Sufritutakoa izan da, eta horregatik, denak pozarren ziren arratsaldean Erribera kalean.

Herritarrek, zaleek eta udal agintariek merezitako harrera egin diete 19:00etan Kofradia parean, eta aurrez, Gukaren galderei erantzuteko tartea hartu dute Kike Manterola entrenatzaileak, Aintzane Urbieta eta Jule Egiguren arraunlari zumaiarrek, eta Mirian Garagartza arraunlari azpeitiarrak (ikus bideoa).

Txarangaren atzetik, Erribera kalean behera iritsi dira arraunlariak denboraldiko bandera guztiak astinduz Kofradia parera, eta herritarren txalo artean balkoira atera dira gero. Hunkituta ikus zitezkeen hainbat arraunlari nahiz klubeko zenbait ordezkari, batez ere Jon Maiak bota dituen bertso ederren ondoren.

Ekitaldia denek elkarrekin kantatuz amaitu da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide