Big bandaren doinuekin arrankatu du Zumaiako Musika Jaialdiak

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 31a, 08:00

ZUMBig Band kontzertuarekin eman zioten atzo arratsaldean hasiera Zumaiako Musika Jaialdiaren 40. aldiari. Gaur saio bikoitza izango da jaialdiko egitarauan. 

Hasi da Zumaiako 40. Musika Jaialdia. Joxe Mari Azkuek zuzentzen duen Zumaiako Musika Bandak eman dio hasiera jaialdiaren aurtengo aldiari eta, azken urteotan egin bezala, kaleko kontzertu bat eskaini du herriko musika taldeak. Swing eta jazz doinuak entzuteko aukera izan zuten Odietara bertaratu ziren musikazaleek.

Emanaldia egingo ote zen zalantzan egon zen eguneko une batzuetan. Izan ere, euria egin zuen eguerdi partean eta arratsaldeko une batzuetan. Azkenean, euri-tantak geratu ziren eta sekulako beroa egin bazuen ere, kontzertua emateko gai izan zen atzo Big band bihurtu zen taldea. 

Glenn Miller, Herbie Hancock, Arthur Hamilton edota Cab Callowayren abestiak entzuteko parada izan zen, Virginia de la Casa gasteiztarrak abestuta. Programan agertzen ez bazen ere, amaitzeko Amy Winehouse-en kanta bat jo eta abestu zuten, bideoan ikus daitekeen Valerie.

Gaur saio bikoitza

Zumaiako 40. Musika Jaialdiko bigarren jardunaldian saio bikoitza izango da. Batetik, 19:30ean hasita, Jesus Guridi klarinete laukotearen kontzertua izango da Mari kaleko plazatxoan. Gauez, 21:30ean, Maria Zubimendi akordeonista zumaiarraren eta Jokin Guridi bideo-artistaen saioa izango da Oxford aretoan.

Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide