Urrea etxeratuta, harrera beroa jaso du Irati Osak

Andoni Elduaien 2024ko uzt. 30a, 10:20

Itxas Gain klubaren egoitzan egin zioten harrera klubekoek, etxekoek zein gertukoek harrera Osa piraguistari. Zumaiarra eskertuta azaldu zen omenaldia jasota, eta gustura joan den asteburuan Polonian egindako lanarekin.

Irati Osa piraguista zumaiarrak urrea lortu zuen igandean Maratoi distantziako Europako piraguismo txapelketan, Polonian. Arantza Toledo Cuencako (Espainia) piraguistarekin batera, 26,2 kilometroko ibilbidea osatzen aurrena izan zen Osa, eta atzo, Itxas Gain klubeko ordezkariek, etxekoek, lagunek eta gertukoek harrera egin zioten txapeldunari klubaren egoitzan.

Zumaiarra pozik, gustura agertu zen omenaldia jasota. "Amets bat izan da asteburuan lortu dudana; txiki txikitatik amestu izan dut podiumeko goiko koskan egotea, eta horrenbeste lan egin eta gero, iritsi da. Emozioz gainezka eta pozik nago, eta era berean, eskerrak eman nahi dizkiot klubari egunero emandako laguntzagatik eta gure artean dugun giroagatik; izan ere, hori gabe ez litzateke posible izango lortu dudana", hasi zen Osa.

Etxekoak ere gogoan izan zituen piraguistak, eta eskerrak eman zizkien haiei ere. "Familiarik gabe urrea lortzea ezinezkoa litzateke; egunero-egunero uretan sartzen ditudan orduetan aita alboan dut eta ama etxean. Eskerrak eman nahi dizkiet hau lortzera iristen laguntzeagatik", adierazi zuen piraguista zumaiarrak.

Podiumeko zeremonia irudietan ohikoa den moduan, Itxas Gain klubekoek xanpain botila bat eman zioten Europako txapeldunari, hark aparra ateratzeraino astindu zezan; egoitzaren goiko balkoian ezkutuan zain zeudenek ere xanpainarekin busti zuten Osa. Harrera mahai bueltan ospatuz bukatu zuten, unerako prestatu zuten mokadutxoa dastatuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide